Politika -
Bilera Madrilen
Ortuzar eta Feijoo lehen aldiz bildu dira, eta agerian utzi dute "desadostasun nabarmenak" dituztela
Halaber, bi buruzagiek "errespetua" agertu diete elkarri, "gobernu ardurak izan ohi dituzten alderdiak" direlako biak.
EITB Media
Andoni Ortuzar eta Alberto Nuñez Feijoo EAJko eta PPko presidenteak bildu egin dira asteazken arratsaldean, Madrilen, eta, bilera horretan, agerian utzi dute "desadostasun ideologiko eta programatiko nabarmenak" dituztela, bi alderdiek jakinarazi dutenez.
Jeltzaleek eta popularrek azaldu dutenez, batzarra Feijook beste alderdietako ordezkariekin abiatutako bilera-sortaren barruan egin dute, uztailean elkarrizketa informal batean adostu zutenez.
Bilera horretan, gainera, "errespetua" agertu diete elkarri, "gobernu ardurak izan ohi dituzten alderdiak" direlako biak.
EAJren eta PPren arabera, bi buruzagiek egoera politikoa, ekonomikoa eta nazioartekoa izan dituzte hizpide.