Politika -
Justizia
PPk bertan behera utzi du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko negoziazioa
Sanchezek sedizio delituaren erreformarekin aurrera jarraitzeko asmoa duelako hartu du erabaki hori Feijooren alderdiak.
agencias | eitb media
Alderdi Popularrak bertan behera utzi du Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeko negoziazioa, Pedro Sanchezen Gobernuak sedizio delituaren erreformarekin aurrera jarraitzeko asmoa duela argudiatuta.
PPk salatu du sozialistek jokabidea aldatu dutela, eta ez dutela bete negoziazioan helarazitakoa. Feijook hitz egiteko borondateari eusten omen dio "Zigor Kodea erreformatzeko matxinada eta sedizio delituen arloan, eta legez kanpoko erreferenduma deitzea delitu izendatzeko orduan".
PPk bertan behera utzi ditu elkarrizketak PSOEk erabakitzen duen arte "erakundeen arloan" PPrekin —"alderdi konstituzionalista batekin"— "aurrera egin nahi duen" ala "Zuzenbidezko Estatua ahuldu eta batasun konstituzionala apurtu nahi duten alderdien eskutik helduta" segitu nahi duen.
Akordiorako nahia "irmoa" dela berretsi du PPk, baina "ziur" dio ez dutela negoziatzen jarraituko "Sanchezek Estatuaren botereak horri aurka egin nahi diotenen mesedetan ez dituela erabiliko bermatzen ez duen bitartean".
Alderdi Popularrak jakinarazi duenez, Feijook eta Sanchezek ostegun arratsaldean hitz egin zuten telefonoz, Sanchezek ituna "prest" zegoela esan, eta PPk gezurtatu eta gutxira.
PPk haustura aipatzen ez duen arren, eta Sanchezekin hitz egiteko prest dagoela berretsi badu ere, negoziazioak porrot egin du berriro, eta bi aldeek esana zuten "azkeneko aukera" zela.