Politika -

Zigor kodearen erreforma

Sedizio delitua kentzeko lehen pausoa eman du Kongresuak, eztabaida zakar baten ostean

Goizaldeko 01:00ak pasatxo egin dute bozketa, eta aurrez, bi ordu luze eman dituzte eztabaida sutsuan. PSOE, Unidas Podemos, PDeCAT, EAJ, EH Bildu, Mas País eta BNG taldeek egin dute ekimenaren alde.

Rufian (ERC) Lopezekin (PSOE) hitz egiten, bart. EFE
Rufian (ERC) Lopezekin (PSOE) hitz egiten, bart.
Rufian (ERC) Lopezekin (PSOE) hitz egiten, bart. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako koalizio gobernua osatzen duten bi taldeen (PSOE eta Unidas Podemos) ekimenez, Diputatuen Kongresuak sedizio delitua Zigor Kodetik ezabatzeko proposamena eztabaidatu eta onartu du bart. Erreformak egin beharreko bide parlamentarioan lehen pausoa baino ez da izan, eta atari horretan, ika-mika izan da protagonista; izan ere, oposizioko eskumako taldeen ustez, Espainiako Gobernuak independentismoaren mesedetan gauzatutako proposamena da.

Goizaldean egin dute bozketa, 01:00ak pasatxo, eztabaida luze —bi ordu iraun du— bezain liskartsu baten ostean. Lege proposamenaren aldeko 187 aldeko boto izan dira, 155 kontra, eta 6 abstentzio. PSOE, Unidas Podemos, PDeCAT, EAJ, EH Bildu, Mas País eta BNG taldeek babestu dute erreforma, eta PP, Vox, Ciudadanos, CC, Navarra Suma, PRC eta Foro Asturias taldeek kontrako botoa eman dute. JxCat eta CUP Kataluniako taldeek, aldiz, abstentziora jo dute.

Onartu den testuak sedizio delitua Zigor Kodetik kentzea, eta desordena publiko larri izeneko beste batengatik ordezkatzea proposatzen du, aurreikusitako gehieneko zigorrak 15 urtetik 5era jaitsita, eta inhabilitazioak ere, 10-15 urtetik 6-8 urtera murriztuta.

PSOEk zein Unidas Podemosek erreforma defendatu dute Espainiako Zigor Kodea Europakoekin bateragarri egiteko eta eguneratzeko. Halaber, aldarrikatu dute Kataluniako Gobernuarekin elkarrizketa eta bizikidetzaren bidea urratu behar direla, PPk bultzatutako aurrez aurrekoa bazter utzita.

Eskuina oso kritiko azaldu da ekimenarekin, eta "Kataluniako independentismoaren aurrean amore ematea" egotzi dio Sanchezen gobernuari. Hitz gogorrak izan ditu Cuca Gamara PPko eledunak, eta salatu du "(Oriol) Junquerasek berak agindutako, eta kolpisten mesedetan —Kataluniako prozesuko zigortutakoei erreferentzia eginda— egindako erreforma tranpati eta iruzurtia" dela.

Gabriel Rufianek (ERC), bestalde, ukatu egin du erreforma kontzesio bat dela. Horren esanetan, "epaile faxistari apur bat zailago jartzea da kontua (...), epaile faxistei jostailua kendu diegu", aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika PSOE PP Delituak Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean ERC