Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Iturgaizen iritziz, gizarteak EAJ zigortu beharko luke "egindako kudeaketa txarragatik eta ustelkeriagatik"
"PP beharrezkoa da EAEn, planteamendu konstituzionalista duen alderdi bakarra delako", adierazi du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
PPk Euskal Autonomia Erkidegoan duen presidente Carlos Iturgaiz Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izan da astelehen honetan. Maiatzeko hauteskundeak buruan eta "gaur egungo agertoki politikoa ikusita" argi utzi du PP beharrezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan, "planteamendu konstituzionalista" duen alderdi bakarra dela iritzita.
"EAJren kudeaketak porrot egin du, eta nazionalistek ustelkeriarekin arazo handi bat daukate. De Miguel auzia eta beste zenbait (Alonsotegi, Osakidetzako lan eskaintza publikoa...) sustraiak dira, baina horren atzean enbor bat dago, eta enbor hori EAJ deitzen da", esan du. Gauzak horrela, Iturgaizek uste du euskal gizarteak begiak ireki beharko lituzkeela, "gertatzen ari denaz jabetzeko".
"Gaur bertan Vocento taldeko medioek zabaldu dute azken zortzi urteotan EAJk 11 milioi euro lortu dituela ostalaritzatik eta eraikuntza enpresetatik", aurreratu du. "Zer ba EAJ, alderdi politiko bat ala negozioak egiteko makina bat?", galdetu dio bere buruari.
Ildo horretan, PPren EAEko buruak gogora ekarri du bai PPk eta baita PSOEek ere zigorra jaso zutela hauteskundeetan, Gurtel eta Andaluziako EREen auziengatik, baina "badirudi EAJri ez zaiola ezer gertatu behar, Euskadin inoiz izan den ustelkeria kasu handienaren atzean egonda ere".