Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ekain Rico: "'Bai bakarrik da bai' legearen aurrean ezin gara entzungor geratu"
PSE-EEk Legebiltzarrean duen taldeko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, sozialistek ez dute Zigor Kodea aldatu nahi eta emakumeen onespena araudiaren muin izatea dute helburu. "Jendeak eskatzen duenari erantzun bat ematen diogu guk. Epaileak faxista batzuk direla esateak ez du balio", esan du.
Eider Garaikoetxea O. | EITB media
Ekain Rico PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen taldearen idazkari nagusiaren hitzetan, "Bai bakarrik da bai" legeak sortutako "aurreikusi gabeko ondorio ez-desiratuen" aurrean sozialistak ezin dira "entzungor, ezer egin gabe geratu" eta "jendeak eskatzen duenari erantzun bat eman" behar zaio. Hala, PSOEk lege horren harira duen jarrera defendatu du, araudia aldatzearena, alegia. Ifrentzuan, Unidas Podemos kidearen jarrera kritikatu du: "Epaileak faxista batzuk direla esateak ez du balio".
Espainiako Gobernuko bi kideen artean arrakala sortu duen legea izan du hizpide, horrenbestez, Ricok Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan. PSOEren jarrera zein den argitu nahi izan du, bide batez. "Guk ez dugu Zigor Kodea aldatu nahi, ez ditugu sexu abusuak eta sexu erasoak berriro ezberdindu nahi; emakumeen onespenak araudiaren muina izaten jarraitu behar du", azaldu du.
Ricoren aburuz, onespena izan da, hain justu, legearen "aurrerapauso handiena", eta horretan "ezin da atzera egin, ezta urrats bat ere". Dena dela, aitortu du legea indarrean sartzearekin batera, "aurreikusi gabeko ondorio ez-desiratuak" izan direla (hainbat sexu erasotzaileri zigorrak murriztu dizkiete), eta horiek aldatu behar direla. "Bi aldeak —PSOE eta Unidas Podemos— hitz egiten ari gara akordioa erdietsi nahian, baina halakorik ezean, ezin gara entzungor geratu".