Politika -
''Bai bakarrik da bai'' legea
Zigorrak aldatzea posible da onespena erdigunean mantenduz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera
Aldaketak "Bai bakarrik da bai" legearen erreformarekin sartuko lirateke indarrean eta "aurreko guztia berrikusten jarraitu beharko litzateke".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak "Bai bakarrik da bai" legearen erreformari atea zabaldu dion honetan, zigorrak aldatzea eta emakumeen onespena erdigunean mantentzea bateragarriak direla azpimarratu du gaur Angeles Carmona Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Genero Indarkeriaren kontrako Behatokiko presidenteak.
Horren esanetan, emakumearen onespena "Bai bakarrik da bai" legean jasota dagoen bezala utzi daiteke eta, aitzitik, zigorrak aldatu erasotzaileek espetxealdiak murriztu ez daitezen.
Behatokiko presidentearen hitzetan, hori da Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta hura osatzen duten adituek egiten duten proposamena. Gaineratu duenez, bere garaian "zigorrak berrikustea" eskatu zuten murrizketa gehiago gertatu ez zitezen. Ildo horretan, Carmonak gogorarazi du egin litezkeen aldaketak erreformarekin batera sartuko liratekeela indarrean, eta "aurreko guztia berrikusten" jarraitu beharko litzatekeela. Dena dela, aldaketak erreformarekin sartuko lirateke indarrean eta "aurreko guztia berrikusten jarraitu beharko litzateke".
Antena 3 telebista kateari eskainitako elkarrizketan nabarmendu du legearen izpiritua, emakumearen onespena erdigunean jartzea alegia, Auzitegi Goreneko jurisdikzioan jasota dagoela. Angeles Carmonaren iritziz, "legearen aurretik ere esaten zuen emakumeari ez zitzaiola ekintza heroikorik eskatu behar edo ez zuela lesio fisiko bat egon behar sexu askatasunaren aurkako eraso bat egiaztatzeko".
Bestalde, Espainiako Berdintasun Ministeriorik epaileei egindako kritiken aurrean, Carmonak ukatu egin du arazoaren legearen interpretazioa dela. Halaber, datuak eman ditu eta esan du Espainiako epaile gehienak emakumeak direla eta batez beste 49 urte dituztela. "Formakuntza ona jaso dute, eta delitu hauekiko sentsibilitatea, kontzientzia eta errespetua dute", gehitu du.