Gizartea -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Pedrosa: "Ikastetxeetako gehiegizko eskaintza eragozteko neurriak aplikatuko ditugu lehen aldiz"
Bestalde, Hezkuntza sailburuordeak azpimarratu du, zurrumurruak zurrumurru, eremu guztietan egongo dela bermatuta D ereduko eskaintza.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosa Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izan da gaur, asteartearekin, atzotik zabalik den 2023-2024 aurrematrikulazio kanpainak dakartzan berrikuntzei buruz jarduteko.
Lege bihurtzeko bidean den Hezkuntza Legearen zirriborroaren ildoak pixkanaka aplikatuko direla adierazi du, eta aldaketa horiek ekar ditzaketen arazoez galdetu diote. Hasteko, esan du ikastetxeetako gehiegizko eskaintza eragozteko neurriak hartuko dituztela lehen aldiz Euskal Autonomia Erkidegoan. "Badago behin-behineko planifikazio bat, eskabideak jaso, eta orduan egingo dugu egin beharreko ariketa. Ez dago, beraz, gaineskaintzarako arriskurik", azaldu du. Bestalde, azpimarratu du, zurrumurruak zurrumurru, eremu guztietan egongo dela bermatuta D ereduko eskaintza.
Kuotak dituzten ikastetxeekin elkarlan sendo eta sistematikoa dutela ere adierazi du. "Konpromiso batzuk ditugu. Gure ardura da kostuak bermatzeko esleitu beharreko baliabideak ziurtatzea, eta ikastetxeena da kuotak modu progresiboan jaistea", esan du.
Gaia nolabait aldatuta, Hezkuntza sailburuordeak ez du argitu ikasle faltagatik ikastetxerik itxiko duten ala ez: "Ez dugu horren gaineko estimaziorik egin, beste amets batzuk ditugu. Proiektu sendoak aurreikusi ditugu. Familiei zabaldu beharreko mezua da ikastetxeetan konfiantza izan behar dutela eta irakasleen konpromisoan sinetsi behar dutela; alegia, kalitatezko hezkuntza sistema dugula, eta hori elikatzen saiatu behar garela".
Hezkuntza Legearen onarpenaz hitz egiten bukatu dute elkarrizketa. "Bide onetik doa, elkarlana bizi-bizirik dugu, eta hor dago gako garrantzitsuena. Espero dut udaberrirako lege-aurreproiektua Legebiltzarrean egotea", nabarmendu du. Elkarrekin Podemos-IUrekin izandako tirabiraren inguruan ere baikor agertu da: "Akordioa lortzeko aukera dago, ezin da inor bide honetatik aldendu. Tentsioa gorabehera, aurrera goaz, eta gure aurreikuspena da azken argazkian den-denok egotea".