Politika -
Gaur bilduko dira
Bakegintzarako 'ausardia eta kemena' eskatuko dizkio Urkulluk Rajoyri
EAJko presidenteak uste du egungo Gobernuak garai batean PSOEk lortutakoa baino ''adostasun handiagoa'' izango duela. Nafarroako Gobernu haustura ''arduragabekeria'' dela esan du.
Erredakzioa
PPk eta Rajoyren Gobernuak bakegintzarako eta elkarbizitzarako prozesuari ''ausardiaz eta kemenaz'' aurre egin behar diotela esan du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, eta mezu horixe helaraziko omen dio gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, Moncloan egingo duten bileran.
Gaur arratsaldean bilduko da Urkullu Mariano Rajoy presidentearekin, eta, bilera horren harian, EAJko buruak esan du oraingoa ''garai ezberdina'' dela. Egoerari aurre egiteko, PSOEk izan zuena baino adostasun handiago izango du Rajoyren Gobernuak, Urkulluren ustez.
Bilera horretan azalduko dituen planteamenduak zeintzuk diren ez du aurreratu nahi izan Urkulluk, baina ''bakegintzarako eta elkarbizitza politikorako pausoak'' jorratuko dituztela azaldu du. Autogobernuaz eta egoera ekonomikoaz ere jardungo direla aurreratu du Urkulluk.
Bakegintza: Gobernuan pausoak ikusten ditu, baina baita kontraesanak ere
"Aitortu beharra dago PPk eta Rajoyren Gobernuak pausoak eman dituztela; besteok desio dugunaren aldeak txikiak dira; baina pausoak dira'', esan du Urkulluk, eta presoen gizarteratze plana eta Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko UPyDren mozioan kontrakoa botoa eman izana aipatu ditu pauso horien adibide gisa. Hala ere, ''espetxe-politikari, elkarbizitzari eta presoen eta biktimen arteko bilerei dagokionez kontraesanez betetako adierazpenak'' ere badaudela esan du Urkulluk, bereziki Barne Ministerioan.
Bi urte atentaturik gabe egin ondoren eta ETAk adierazpena egin zuenetik zortzi hilabete igaro direla kontuan hartuta, ''garai berria bizi dugula'' onartu behar du Gobernuak, Urkulluren hitzetan.
Igarotako denbora ikusita, eta ''Sorturen legeztatzearen ondoren'', oraingoa ''agertoki berria'' dela pentsatzera garamatzala esan du Urkulluk, eta, agertoki berri horretan ''ausardia eta kemena'' eskatu dizkio Rajoyri.
Egoerari aurre egiteko, PSOEk izan zuena baino adostasun handiagoa izango du Rajoyren Gobernuak, Urkulluren ustez.
Patxi Lopezi erantzuna
Hauteskunde autonomikoen aurrean, EAJ ''erabat gardena'' izango dela aurreratu du Urkulluk, eta ''gizartearen aurrean kontuak eman behar'' dituena Patxi Lopez dela esan du. Hiru urteren ondoren, bere programa Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ez izana egotzi dio lehendakariari, Patxi Lopezek asteburu honetan egindako adierazpenen ondoren.Nafarroako gobernu-haustura ''arduragabekeria'' dela esan du
Nafarroako Gobernua hautsi izana UPNren eta PSNren ''arduragabekeria'' dela uste du Urkulluk, eta gizarteak ''programa zehatza duten gobernu sendoak'' eskatzen dituela gaineratu du.
Herritarrek Nafarroako kudeaketaren inguruan egia jakitea eta proiektu politiko, ekonomiko eta sozial argia abiatzea eskatzen dutela esan du. Zentzu horretan, Geroa Bai koalizioaren aldeko apustua berretsi du EAJko buruak.
Nafarroako eta Euskadiko gobernuak ''erabateko ahultasunean eta nahasmenean murgilduta daude'', Urkulluren ustez, ''programa argirik gabe gobernuari eusten diotelako''.