Politika -
EITB Focus
EAEko herritarren ia laurdenak ezbaian daude maiatzeko hauteskundeei begira
Nafarroan, berriz, % 8 baino ez daude zalantzan. Gainera, Hego Euskal Herriko biztanleen % 14k diote abstentziora joko dutela.
E. G. | EITB Media
OHARRA: Eduki honek hainbat grafiko interaktibo ditu. Ondo ikusteko, zabaldu esteka hau zure nabigatzailean.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) botoa emateko eskubidea duten 5 herritarretik 1 ezbaian dago maiatzaren 28ko foru eta udal hauteskundeei begira, EITB Focus boto-asmoari buruzko makroinkestaren datuak xehe aztertuta. Nafarroan, ordea, txikiagoa da zalantzati daudenen kopurua, ez baita % 10era heltzen.
Galdeketa egiteko, 8.000 elkarrizketa egin dituzte telefonoz ?6.600 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1.200 Nafarroan?, eta Silvan&Miracle enpresak datu guztiak aletu ditu, EAEko eta Nafarroako hautesleriaren erradiografia zehatza egiteko.
Euskadin, inkesta erantzun dutenen % 52k bakarrik dute erabakita botoa. Gainerakoak zalantzan daude (% 21), abstenitu egingo dira (% 14) edota ez dute erantzun (% 13).
Duda-muda agertu dutenen artean, 10etik 8k ez dute alderdirik begiko, eta erdiek ez dute botoa inola ere erabakita. Sexuari erreparatuta, EAEko emakumeak zalantzatiagoak dira (ezbaian daudenen % 63 dira). Halaber, eta grafiko interaktibo honetan ikus daitekeenez, EAJ eta EH Bildu dira hobeto kokatuta daudenak:
2019ko hauteskundeetatik aurtengo hauetara botoaren balizko bilakaerari erreparatzen badiogu, datu interesgarriak topa ditzakegu. Esaterako, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos dira zalantzan dauden boto-emaile kopuru handienak dituztenak ?% 20k baino gehiagok ez dute oraindik botoa erabakita?. Dena dela, aipagarria da koalizio morearen boto-emaileen fideltasuna handiagoa dela udal hauteskundeetan ?% 78k diote alkatetzetarako hautua errepikatuko dutela, baina foru hauteskundeetan erdia baino ez dira?. Gainerako indarretan, % 10-15 dira zalantzatiak, eta EH Bilduk du leialtasun tasa altuena.
EITB Focusen arabera, lehia egongo da EAJren eta EH Bilduren artean Gipuzkoan. Datuak xehe aztertuta, duela lau urte jeltzaleen alde egin zuten boto-emaileen % 17 zalantzan daude; EH Bildun gutxiago daude horrela (%13). Nolanahi ere, 2019an abstenitu zirenen % 10ek adierazi dute EAJri emango diotela botoa, eta % 21 ezbaian daude.
EAEko udal hauteskundeei dagokienez, emaitza estuagoak espero dira Gasteizen, EAJ garaile dela, baina EH Bildu eta PSE-EE atzetik dituela. Sozialistak dira boto-emaileen ehuneko handiena dutenak zalantzan (% 23) eta duela lau urte abstentziora jo zuten 10etik 2 duda-mudan daude orain; % 13k EAJri emango liokete botoa, eta % 5ek, PSE-EEri.
Nafarroan, galdetutako herritarren % 8k ez dute oraindik erabaki botoa nori emango dioten, baina alderdi edo koalizioren bat lehenetsiko ote luketen itaunduta, % 41ek PSN aipatu dute eta % 24k Zurekin Nafarroa ezkerreko koalizioa (Ahal Dugu, I-E, Batzarre eta Equo, besteak beste).
Azkenik, balizko boto transferentziei erreparatuta, Ahal Duguren boto-emaileen % 13 zalantzan daude foru hauteskundeei begira, eta % 22, Iruñeko udal hauteskundeei dagokienez; gainerako alderdietan, % 5 inguru daude dudan. Aurrekoetan abstenitu zirenen % 10-15 zalantzan daude orain.