Politika -

DISPERTSIOAREN AMAIERA

Sakabanaketaren ondorioz hildako 16 pertsonak biktima gisa aitortzeko eskatu dute Etxeratek eta Sarek

Dispertsioaren biktimen aitortza eta erreparazioaren garaia iritsi dela aldarrikatu dute bi elkarteek Donostian egin duten agerraldian. Hori lortu bitartean, "biktimen memorioa kolektiboak osatu gabea" izaten jarraituko duelako.

Etxerat eta Sareko ordezkariak gaur, Donostian. Argazkia: Nerea Pikabea | EITB Media
Etxerat eta Sareko ordezkariak gaur, Donostian. Argazkia: Nerea Pikabea | EITB Media
Etxerat eta Sareko ordezkariak gaur, Donostian. Argazkia: Nerea Pikabea | EITB Media

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sakabanaketaren biktimen aitortza eta erreparazioari begirako urrats eraginkorrak ematea eskatu dute Etxerat euskal preso, erbesteratu eta deportatuen senideen elkarteak eta Sare herritar plataformak Donostian egin duten agerraldi bateratuan. Bereziki gogoan izan dituzte urte hauetan guztietan istripuren bat izan duten 1.000 pertsonak eta hil diren 16 senide eta lagunak.

Martxoaren 24an, ETAko azken bost presoak Euskal Herriratzeko baimenarekin amaiera eman zitzaion sakabanaketari, eta geroztik, erakunde, alderdi politiko zein hainbat gizarte eragilek etorkizunerako ondorengo urratsei buruzko hausnarketa plazaratu dute.

Salbuespenezko espetxe politika amaitu den honetan, kartzelan hildako 35 presoak eta bisiten joan-etorrietan hildako 16 senide eta lagunak oroitu ditu Etxerat elkarteak "hiru hamarkada baino gehiago iraun duen ibilbide luzearen biktima" direla nabarmenduz eta "oroimen inklusiboa" aldarrikatuz. Izan ere, "ahanztura" besterik ez dutela jaso salatu dute.

"Guk, senitartekook, eztabaida lasai bat proposatzen jarraituko dugu, geure buruaz hausnartzeko aukera guztioi emango digun oroimen inklusibo baten bidean. Etxeratek duela lau urte indarkeria-adierazpen ezberdinen biktima guztienganako errespetu eta enpatia adierazpen bat egin zuen jendaurrean, bereziki, horretarako asmorik izan gabe ere, ekintzaz edo ez-egitez haien mina areagotze nesku-hartu ahal izan dugun horienganako errespetu eta enpatia. Guk, ordea, ahanztura baino ez dugu ezagutu. Beraz, biktimen aitortza eta erreparazioari begirako urrats eraginkorrak ematea espero dugu; biktima guztien aitortza eta erreparaziorako urratsak, 16 pertsona horienak eta berorien senideenak barne direla", hausnartu dute eta aitortza hori ahalbidetuko duen "lege esparru" bat aldarrikatu dute.

Eskerrak eman dizkiete duela hiru urte, udaletan onartutako mozioen bidez, sakabanaketa politikaren ondorioz hildako pertsonen senitartekoen samina aitortu zuten alderdi politikoetako ordezkariei.

Garai berri honetan, oraindik ere "lan asko" dagoela egiteko nabarmendu dute, jada ez dagoela bidaia luzerik baina salbuespenezko espetxe politikak hor jarraitzen duela eta preso horiei ere "legedi arrunta" aplikatzeko eskatu dute beste behin.

Hala, "mendekuan oinarritutako politikak" alde batera uzteko eta elkarbizitza eraikitzeko lanarekin jarraitzeko eskatu dute; bide horretan, dispertsioak eragindako hildakoak ere biktimen memoria kolektiboan aitortuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAE albisteak Presoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Espetxe politika