Politika -
II. Errepublikaren urteurrena
Affnak frankismoak hildako 3.500 nafarrak gogoratu ditu Iruñean
Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren urteurrena dela eta, hainbat lagun bildu dira Nafarroako hiriburuan egindako omenaldian, eta lore eskaintza egin dute, besteak beste.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak (Affna) deituta, ehunka lagun bildu dira gaur Iruñeko Zitadelako lubakietan, 1936ko estatu kolpearen ondotik hil zitutzen 3.500 nafarrak oroitzeko, horietatik 309 hiriburukoak.
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Unai Hualde Parlamentuko presidentea eta hainbat talde politikotako parlamentari eta zinegotziak izan dira aurten euripean egindako ekitaldian.
Omenaldian parte hartzaile askok bandera errepublikanoak zeramatzaten, eta Jose Mari Asin aktoreak hartu du hitza, hasteko. Irakurritako oharrean nabarmendu duenez, "mugarri ugari sustatu dira historiak garaileek idatzita egoteari utz diezaion eta izugarrikeria ahanzturan gera ez dadin".
Amaia Lerga elkarteko presidenteak ere hartu du parte ekitaldian, eta gogorarazi du "Nafarroan ez zela gerra fronterik izan, baina hilketa eta errepresio ratio handienetakoa izan zuen erkidegoetako bat izan ginen. Gaur arte luzatu da krimen horien zigorgabetasuna".
Familien testigantza gisa, Jaime Esparzak parte hartu du aurten. Bere familiak bizi izan zuen errepresioa kontatu du, bai aitaren aldetik, bai amaren aldetik, bere senideetako batzuk CNTkoak eta UGTkoak izatearen "delituagatik".
Bertaratutakoen lore eskaintzak eta biktimen omenezko aurresku batek itxi dute ekitaldia.