Politika -

Enpresen errotzea

Eusko Legebiltzarrak bide eman dio enpresen deslokalizazioa saihesteko EH Bilduk egindako lege proposamenari

Deslokalizazio kasuetan, enpresei azken 10 urteotan jasotako laguntza publiko guztiak itzularaztea planteatzen du EH Bilduk. PP+Cs eta Vox ez beste talde politiko guztiek ekimena izapidetzearen alde bozkatu dute.

Arzuaga eta Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko osoko bilkuran. Argazkia: EFE
Arzuaga eta Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko osoko bilkuran. Argazkia: EFE
Arzuaga eta Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko osoko bilkuran. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PP+Cs eta Vox ez beste Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztiek bide eman diote enpresen deslokalizazioa eragozteko EH Bilduk aurkeztutako lege proposamenari. Zehazki, EH Bilduk proposatu du EAEtik alde egiten duten enpresak azken 10 urteetan jasotako dirulaguntza publiko guztiak itzultzera derrigortzea.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak EH Bilduren lege proposamena tramitera onartzea erabaki du, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin eta PP+Cs eta Voxen kontrako botoekin. Duela bi aste, dirulaguntzen legearekin batera izapidetzearen alde hitz egin zuen Eusko Jaurlaritzak.

Tramitazio garaian, Eusko Legebiltzarreko taldeek zuzenketak aurkeztu ahalko dizkiote testuari.

Koalizio subiranistak planteatu du kostuak murrizteko edo zerga gutxiago ordaintzeko ekoizpena edo egoitza fiskala beste lurralde batera eramaten duten enpresei azken 10 urteotan jasotako laguntza publiko guztiak itzularaztea eta interesak ordainaraztea (dirulaguntza bakoitza jaso duen unetik gaur arte).

Gainera, enpresa horiek eta beren bazkideek ezingo dute 10 urtez EAEko sektore publikoaren laguntzarik jaso, Eusko Jaurlaritzak deslokalizazioa egon dela berresten duen egunetik aurrera.

EH Bilduren ekimena defendatu duen Iker Casanova legebiltzarkidearen esanetan, deslokalizazioak eragiten dituen "ondorioen" aurrean horrelako lege bat onartzea beharrezkoa da, eta Gamesaren eta General Electricen kasuak ekarri ditu gogora.

Eusko Jaurlaritza sustengatzen duten EAJk eta PSE-EEk dirulaguntzen lege proiektua aipatu dute. EAJren iritziz, "kontu handiz" hartu behar dira neurriak Euskadiko inbertsioei kalte egin ez diezaieten. Ildo beretik, PSE-EEk nabarmendu du arazo horri ezin zaiola "ikuspegi zigortzaile hutsetik" heldu.

Elkarrekin Podemos-IUko David Soto legebiltzarkidearen hitzetan, eztabaida "estrategikoa" da, PP+Cs alderdiko legebiltzarkideak kritikatu du EH Bilduren lege proposamenak "enpresen kudeaketa eta erabaki ahalmena mugatu" nahi duela, eta Amaia Fernandez Voxeko ordezkariak esan du EH Bildu ez dela gai horren inguruan "lezioak emateko egokiena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra albisteak EAE Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Enpresen albisteak Laguntza publikoak