Politika -
IZENBURU NAGUSIAK
Albiste izango dira: Kontsumitzaileen Estatutu berria, Etxebizitza legea eta San Prudentzio jaiak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, apirilak 27, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Kontsumitzaileen Estatutu berria: Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutu berria Eusko Legebiltzarrean onartuko da gaur, osoko bilkuran. Estatutu berriak edozein ondasun edo zerbitzuren erosketan edo kontratuan babesa hedatzea du helburu, eta abusuzko praktika baten aurrean ahulenak izan daitezkeen pertsonengan jartzen du arreta bereziki.
- Etxebizitza legea: Espainiako Kongresuak Etxebizitza Eskubidearen aldeko Legea onartuko du gaur. ERC eta EH Bidurekin adostu zuen arau hori Espainiako Gobernuak, eta, besteak beste, gune tentsionatuetan etxebizitzen alokairuen prezioa mugatu nahi dute. Udal eta autonomia hauteskundeetako kanpainaurrean bete-betean sartu da gaia.
- San Prudentzio jaiak: Arabarrak prest daude San Prudentzio jaietan gozatzeko. EITBk jaiarekin bat egingo du, eta San Prudentzio bezperako erretreta eta danborrada zuzenean eskainiko ditu ETB1en, eitb.eus-en eta Radio Vitorian.