Politika -
NAFARROA
Manu Ayerdi eta beste bost goi kargudun ikertu gisa deklaratzera deitu dituzte Davalor auzian
Iturri judizialen arabera, Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiko epaileak irailaren 13an eta 14an hartuko die deklarazioa.
AGENTZIAK | EITB Media
Davalor auzian, Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiko epaileak ikertu gisa deklaratzera deitu ditu Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilari ohia, Juan Jose Marcos Davalor enpresaren sustatzailea eta beste bost goi kargudun.
Iturri judizialen arabera, irailaren 13an eta 14an hartuko die deklarazioa. Epaiketa aurrerago egingo da.
Deklaratu beharko dutenen artean daude Maitena Ezkutari, Yolanda Blanco eta Izaskun Goñi Nafarroako Gobernuko zuzendari nagusiak, Pilar Irigoien Sodenako zuzendari ohia (pandemia hasieran musukoen erosketagatik kargutik kendu zuten) eta Jose Javier Baztarrika Iniciativas Innovadoras aholkularitza etxeko administratzailea.
Ikertzen ari diren gertakariek zerikusia dute Davalor enpresari 2015 eta 2017 artean emandako sei mailegurekin (2.600.000 euro). Garai hartan, Garapen Ekonomikoko kontseilari ez ezik, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde ere bazen Ayerdi.
PPNk Davalor auzian ikertzen ari diren Nafarroako Gobernuko zuzendari nagusiak kargutik kentzeko eskatu du.
Geroa Baik, bere aldetik, gogora ekarri du Comptos Ganberaren txostenak ez zuela irregulartasunik atzeman kasu honetan.