Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
Fiskaltzak artxibatu egin du ETAko kide gisa zigortutako EH Bilduko 44 hautagairengatik jarritako salaketa
Dignidad y Justicia elkartearen salaketa aztertu ondoren Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak erabaki du eginbideak ez irekitzea.
EITB Media
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak artxibatu egin du ETAko kide gisa zigortutako EH Bilduko 44 hautagairengatik jarritako salaketa. Hain zuzen ere, Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztutako arrazoiak aztertu ondoren erabaki du eginbideak ez irekitzea.
Salaketa aztertu ondoren Ministerio Publikoak adierazi duenez, salatutako gertaerak ez dira delitu eta EH Bilduko 44 hautagai seinalatuak aukeragarriak dira.
Gainera, Fiskaltzaren esanetan, hauteskunde batzordeei dagokie hauteskundeetara aurkeztu nahi duten alderdi politiko, federazio, koalizio eta taldeek aurkeztutako hautagaitzak legezkoak diren aztertzea.
Aurreko asteburuan Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) aurreratu zuen EH Bilduren 44 hautagai horiek hauteskundeetara aurkezteko eskubidea dutela inhabilitazio-zigorra beteta dutelako.
EH Bilduren zerrenden osaketa hauteskunde kanpainako hizketagai nagusia izan da azken egunotan. Gaur Pedro Sanchezek EH Bilduri aurpegiratu dio oker jokatu zuela zerrendak egiterakoan. Diputatuen Kongresuko saioan, Espainiako Gobernuko presidenteak esan du EH Bilduk barkamena eskatzeko eta adiskidetzeko "ahalegin sakonagoa eta zorrotzagoa" eskatu behar diela bere hautetsiei.
Bere garaian odol-delituengatik zigortu zituzten EH Bilduko zazpi hautagaiek uko egingo diote kargua hartzeari maiatzaren 28ko hauteskundeetan hautatuak izanez gero. Erabakia "elkarbizitza eta bakearen alde" hartu dutela adierazi zuten naiz.eus agerkarira atzo bidali zuten idatzian. Albistearen berri izan ostean, Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak presioa egiten jarraitu zuen: "Ikusiko dugu kanpainan zehar beste 37ak desagertzea lortzen dugun". Atzo, Senatuan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak aurrez aurrekoa izan zuten. Feijook Sanchezi esan zion "eskuzabalagoa" izan dela borreroekin biktimekin baino, eta Sanchezek honakoa erantzun zion: "Espainian ETA ezer ez denean, zuentzat ETA da dena; hori da daukazuen gauza bakarra".