Politika -
M28-KO HAUTESKUNDEAK
Emakumeak hauteskundeetako zerrendaburuen % 37 dira EAEn
Gaur egun indarrean dagoen araudiak hautagai-zerrenden zenbaketa orokorra baino ez du aipatzen, eta ez da zerrenda horietako zerrendaburuetara mugatzen, ikerketa honen kasuan bezala.
EITB MEDIA
Igande honetan, maiatzak 28, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egingo diren udal eta foru hauteskundeetan, emakumeak zerrendaburuen % 37 izango dira, EITB Mediak aztertutako datuen arabera. Ikerketa honetan, bost alderdi politiko nagusietako zerrendak osatzen dituzten hautagaien izenak ikuskatu dira.
Datuak alderdiz alderdi aztertuta, PSE-EEk sartu ditu emakume gehien zerrendaburuetan (% 41,2), eta ondoren daude EH Bildu (% 39,7), Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza/IU, Berdeak EQUO (% 35), EAJ (% 32,5) eta PP (% 31,4).
Arlo politikoan, emakumeen eta gizonen arteko parekotasuna araututa dago, hautagai-zerrenden ordezkaritza orekatua bermatzeko. Ildo horretatik, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoak hauteskundeetan aurkezten diren hautagai-zerrenden osaera orekatua bermatzeko eskatzen du kasu guztietan (Diputatuen Kongresurako ordezkarien kasuan, baita gainerako beste guztietan ere).
Lege horren 44 bis artikuluan araututa dagoenaren arabera, hautagai-zerrendetan, sexu bateko edo besteko hautagaiak ezin dira % 40 baino gutxiago izan. Gainera, hautagaitzak koalizioan biltzen direnean, emakumeen eta gizonen osaera orekatua bermatu behar dute, batzuen eta besteen ordezkaritza ahalik eta orekatuena izan dadin beti.
Nolanahi ere, gaur egun indarrean dagoen araudiak hautagai-zerrenden zenbaketa orokorra baino ez du aipatzen, eta ez da zerrenda horietako zerrendaburuetara mugatzen, ikerketa honen kasuan bezala. Azken finean, ordea, horiek dira hauteskundeetan pisu gehien duten hautagaiak.
Horrela, EITB Mediak egindako azterketa honen datuak, EAEn ordezkari gehien dituzten bost alderdi politikoek udal eta foru hauteskundeei begira aukeratu dituzten zerrendaburuei dagokie.