Politika -
Araba
Viterok (EH Bildu) Elkarrekin Podemosekin duen "sintonia politikoa" nabarmendu du, Gasteizen bildu ostean
EH Bilduren Gasteizko alkategaiak ziurtatu du "gobernu aurrerakoia" sortzeko lanean jarraituko dutela.
Agentziak | EITB Media
Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak, maiatzaren 8ko hauteskundeetan boto gehien jaso zituen indarraren hautagaiak, ostegun honetan Elkarrekin Podemoseko udal ordezkariekin izandako bileran izan den "sintonia programatikoa eta politikoa" azpimarratu ditu.
Bileraren ostean hedabideei egindako adierazpenetan Viterok adierazi duenez, EH Bilduk helburuetako asko partekatzen ditu Elkarrekin Gasteizekin; "zaintzak, trantsizio energetikoa eta gero eta bidezkoagoa izango den hiri baterantz aurrera egitea", besteak beste.
"Gasteizko herritarrek norabide aldaketa eskatu dute hautetsontzietan, aurrera egingo duen eta aurrerakoiagoa izango den hiri baterantz. Horregatik, lanean jarraituko dugu hiriari gobernu alternatiba hori emateko eta gobernu aurrerakoi bat sortzeko, gure hiriko historian lehen aldiz", adierazi du.
Helburu horrekin, Gasteizko Udaleko EH Bilduren zerrendaburuak azaldu du bi alderdi politikoek "datozen egunetan harremanetan jarraitzea" adostu dutela.