Politika -
U23
PPk Javier de Andres berreskuratu du Arabako zerrendaburu gisa, eta Semper Madrilgo hautagaitzan sartu du
Arabako ahaldun nagusi izandakoak bost urte zeramatzan politikatik aldetuta. Gipuzkoarra, berriz, PPren M28ko kanpainaren bozeramailea izan da. Bea Fanjul Bizkaiko zerrendaren buru izango da berriro, eta Gipuzkoan Joana Arce Pasaiako alkategaia izandakoa izango da lehen postuan.
Agentziak | EITB Media
Alderdi Popularrak U23ko hauteskunde orokorretarako hautagaitza proposamenak aurkeztu ditu gaur. Berrikuntzen artean, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi izandakoa eta Borja Semper PPren M28ko kanpainaren bozeramailea daude. Lehena Diputatuen Kongresurako Arabako zerrendan lehendabiziko postuan joango da, eta bigarrena, Madrilgoetan.
Hori horrela, duela bost urte utzitako politika aktibora itzuliko De Andres. Gipuzkoako zerrendan ere nobedadeak daude, Joana Arce Pasaiako alkategai popularra izango baita zerrendaburua. Bizkaian, aldiz, Bea Fanjul PPren Belaunaldi Berrietako presidenteak errepikatu du lehen postuan.
De Andresek hiru aldiz irabazi zituen Foru Hauteskundeak, baina bakarrean (2011-2015) lortu zuen agintea, bozken osteko hitzarmenak tarteko.
Ahaldun nagusi izan ondoren, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria izan zen, baina kargua itxi ostean, 2018an, politikaren lehen lerroa utzi zuen. Bost urteotan, komunikabideetako tertulietan parte hartu du, eta hainbat ikus-entzunezko material egin ditu.
2019ko azaroko hauteskunde orokorretan eserleku gabe geratu zen orduko Arabako zerrendaburua (Mari Mar Blanco, Miguel Angel Blanco zinegotziaren arreba), eta gauza bera jazo zitzaion aurrekoetan (2019ko apirilean) Javier Maroto Gasteizko alkate izandakoari.
Araban, beraz, Javier de Andres izango da zerrendaburua. Bizkaian, Bea Fanjulek errepikatuko du, duela lau urte eskuratutako eserlekuari eutsi nahian (EAEko PPk eskuratu zuen ordezkari bakarra izan zen). Gipuzkoan, azkenik, Joana Arce izango da hautagaia —aurreko hitzorduan, Iñigo Arcauz izan zen zerrendaburua—.
Alderdi Popularraren Hauteskunde Batzordeak zerrendaburuen % 75 berritu ditu gaur jakinarazitako proposamenetan. Ohar bidez azaldu duenez, hautagaiak aukeratzeko orduan bi baldintza hartu dituzte kontuan: batetik, "ibilbide politiko eta legislatibo zabala" izatea, eta bestetik, azken legealdian "alderdiaren egiturako kide" izan izana.