Politika -

U23

Transferentziek eta ekonomia alorreko neurriek euskal hautagaien arteko eztabaida piztu dute

Aitor Esteban (EAJ), Patxi Lopez (PSE-EE), Mertxe Aizpurua (EH Bildu), Lander Martinez (Sumar) eta Javier de Andres (PP) Kongresurako hautagaiek euren alderdien proposamenak azaldu dituzte ia ordubete iraun duen saioan.

Debate electoral en ETB-2. Foto: EITB Media.
Debate electoral en ETB-2. Foto: EITB Media.
Debate electoral en ETB-2. Foto: EITB Media.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako Hauteskundeetan begia jarrita, duela lau urte Euskal Autonomia Erkidegoan hautagaitza lortu zuten alderdi politikoetako ordezkariek euren proposamenak azaldu eta eztabaidatu dituzte EITB taldeak antolatutako "Debate electoral" saioan. ETB2n, Radio Euskadin, eitb.eus-en eta ETB4n, azken horretan zeinu hizkuntzan, jarraitu ahal izan da eztabaida.

Aitor Esteban EAJren Kongresurako Bizkaiko hautagaia, Patxi Lopez PSE-EEren Kongresurako Bizkaiko hautagaia, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresurako Gipuzkoako hautagaia, Lander Martinez Sumarren Kongresurako Bizkaiko hautagaia eta Javier de Andres PPren Kongresurako Arabako hautagaia bildu dira mahaiaren bueltan, Xabier Ormazabal kazetariaren gidaritzapean.

Hauteskunde eztabaida hiru zatitan banatu da: euskal agenda, ekonomia eta hauteskunde osteko itun eta akordioak. Atal bakoitzaren hasieran, hautagai bakoitzak bere alderdiaren proposamena agertu du 30 segundoan, eta ondoren, iritziak trukatu dituzte. Azkenik, "urrezko minutua" deritzonarekin amaitu dute, botoa eskatzeko. Azken legegintzaldian lortu diren transferentziek eta Pedro Sanchezen gobernuak hartu dituen neurri ekonomikoek ika-mika eta eztabaida sortu dute.

Euskal agenda

EAJko hautagaia izan da euskal gaiei buruzko atal hau zabaltzeko arduar izan duena. Madrilen egingo duten politikan ondoko hiru alorrek izango dutela lehentasuna esan du: "euskal autogobernua defendatzea, gure industria babestea eta giza eskubideekin eta askatasunekin lotuta dauden lege guztiak defendatzea".

Hautagai sozialistaren hitzetan, euskal herritarroi "oso ongi etorri zaigu Madrilen Gobernu progresista izatea". Euskal agendaren barruan sartu ditu "Euskadiko 380.000 jubilatuei pentsioak igotzea", oinarrizko soldata "% 46 baino gehiago jasotzea" eta "lan erreformari esker, kontratu mugagabeak % 138 gehiago izatea".

Euskal agenda bi bidetatik defendatuko du Madrilen EH Bilduk,  Aizpuruak jakinarazi duenez. Alde batetik, "euskal agenda soziala" dago, "jendartearen kezkei erantzun eta arazoei konponbidea emateko". Bestetik, "autogobernuaren defentsa" agindu du, "hobeto bizitzeko erreminta gisa". Bi bide horietan dagoeneko hainbat lorpen garrantzitsu egin direla defendatu du Aizpuruak.

Sumarreko hautagaiak euskal agenda "euskaldunon bizitza hobetzen duten neurri guztiek" osatzen dutela adierazi du, baita "etxebizitza eta industria politika jasangarriak ere; alegia, industria berdearen barruko lanbideak bultzatzea". Galdera bat utzi du gogoetarako: "zer aukera ditu euskal agendak Abascal jauna presidenteorde izatera iristen bada?"

Ordezkari popularrarentzat "Euskadiko beharrekin konpromisoa hartuko duen euskal agenda egin behar da". Bere hitzetan, azken legegintzaldian, gainerako alderdiek babestuta, hartu diren neurrien ondorioz, "12.400 lanpostu galdu ditu euskal industriak eta 2.400 autonomo gutxiago daude Euskadin".

Bloke honetako eztabaida biziena EAEra azken hilabeteetan ekarri diren konpetentzien transferentziek sortu dute. Lopezek eta Estebanek, bakoitzak bere aldetik, transferentzia horien lorpena eurei esker izan dela defendatu dute. Lopezek "11 transferentzia lortu" direla azpimarratu nahi izan du, eta Rajoyren gobernuetan bat ere ez zela eskuratu ekarri du gogora. Estebanek, bere aldetik, "eurek ezarri zuten egutegia" ez betetzea leporatu die sozialistei.

Aizpuruaren aburuz, "konpetentziak ez dira helmuga bat bere horretan". "Bitarteko bat" direla eman du aditzera eta, ondoren "ongi landu behar" direla esan du. Zentzu horretan, Osakidetzaren "hondatzea" jarri du mahai gainean.

Martinezek, berriz, dagoeneko transferituta dagoena "hobetzeko aukera egon denean, kontra bozkatu" izana leporatu dio EAJri eta, horretarako, Etxebizitzaren Legea aipatu du.

Ekonomia: sustatu nahi den eredua

Ekonomiari buruzko blokeari hasiera PSE-EEko hautagaiak eman dio. Bere hitzetan, Pedro Sanchez buru duen Gobernuak erakutsi du krisiei aurre egitea posible dela, inor bazterrean utzi gabe, PPk 2008an egin zuenaren "kontrakoa". "Bankuak erreskatatu eta herritarrak abandonatu zituen PPk", esan du.

Koalizio independentistako diputatugaiak, bere aldetik, herritarren eta familien ongizatea erdigunean jarriko duen ekonomia eredua defendatu du, eta horretarako politika fiskalak aldarrikatu ditu. "Gehien duenak gehien ordaindu" behar duela azaldu du, behar handiena duten herritarrak babesteko. Euskal industria sustatzeko politikak bultzatuko dituztela esan du, azpimarra berezia enpresa ertain eta txikietan jarrita. Industria lege berri bat premiazkoa dela adierazi du.

Ekonomia kontuetan Yolanda Diazek Espainiako Gobernuko Lan Ministerioan egindako lana txalotu du Martinezek, besteak beste, gutxieneko soldataren igoera nabarmendurik. Nolanahi ere, gauza gehiago lor daitezkeela azaldu du: erosahalmena handitzea eta hipoteken eta prezioen gorakadari muga jartzea aipatu ditu erronka modura.

De Andresek uste du goitik behera aldatu behar dela egungo ekonomia eredua, "inbertsioak" erdigunean jarrita.

Azkenik, blokea ixteko, ordezkari jeltzaleak hartu du hitza, eta, beste behin, Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa berritzeko EAJk Madrilen egindako lana goratu du. Bere hitzetan, erreminta horiek ezinbestekoa dira Euskadiko zerbitzu publikoak bermatzeko, eta baita enpresei diru-laguntzak bideratzeko ere. Era berean, Next Generation funtsen kudeaketan dagoen "burokrazia" salatu du, eta laguntza horiek erkidego bakoitzak kudea ditzala eskatu.

Hasierako azalpen horien ondotik, azken legealdian onartutako zenbait neurrik piztu dute eztabaida, batez ere, Lopezen, Martinezen eta De Andresen artean.

Hautagai popularraren iritzian, azken urteotan EAEko langileen erosahalmenak sei puntu egin du behera, eta horren ardura Espainiako Gobernuan egon direnek dutela iruditzen zaio. "Ez dute autonomoen egoera ezagutzen, eta zerga eta oztopo burokratiko gehiago baino ez dizkiete jarri herritarrei", esan du.

Berehala etorri da Sumarreko hautagaiaren erantzuna, Rajoyren Gobernuak "Espainiaren zorra % 63 handitu" zuela adierazita. 2008ko krisia eta azken urteotan pandemiak nahiz Ukrainako gerrak eragindakoak alderatzeko eskatu du, eta kasu bakoitzean langileentzako ondorioak zeintzuk izan diren aztertzeko.

Ildo beretik hitz egin du Lopezek, PPk Espainia gobernatu zuen urteetan "laguntzak murriztu" eta "ongizate estatu ahuldu" zirela ziurtatuz. "Pribatua laguntzen dute, publikoa hondatuta", gaineratu du. De Andresi zuzendu zaio, Espainia inflazioa % 2tik jaistea lortu duen Europako lehen herrialdea dela esanez.

Itunak eta koalizioak

Hauteskunde ondorengo balizko akordioei buruz hitz egin dute eztabaidaren azken zatian. Aizpuruak ekin dio gaiari, eta argi utzi du eskuinari toki guztietan atea ixteko eskura dituen baliabideak erabiliko dituela EH Bilduk, "Euskal herritarrek eskuineko gobernurik ez dutelako nahi".

Martinezen iritzian, bi bloke daude jokoan datozen bozketan, eta  bi agertoki posible ikusten ditu: "PPk eta VOXek osatutako gobernua" edota "Yolanda Diaz kide den gobernu progresista". Botoa erabaki gabe dutenei zuzendu zaio Sumarreko kidea, herritarren bizi baldintzak hobetzearen alde lan egingo duen aukeraren alde egin dezaten.

De Andresek ere bi blokeren arteko lehia ikusten du, eta EAJ, EH Bildu, PSOE eta Sumar "Sanchezen blokean" daudela azpimarratu du. Bere esanetan, "Feijooren blokeak" bakarrik bideratu ditzake Euskadik dituen arazoak: "Euskadik behar duena ez da zor handiagoa edo klientelismo handiagoa", zehaztu du. VOXekin akordioak adosteagatik gainerako alderdiek egindako kritikei erantzunez, hautagai popularrak azpimarratu du "PSOEk egin duena" dela onartu ezin dena, "EH Bildurekin itunak ixtea".

EAJko diputatugaiak bere alderdiaren marra gorriak zeintzuk diren azaldu du: VOXekin edota haiekin lotura dutenekin ez dute ezer sinatuko eta txeke zuririk ere ez diote emango inori. "Gu ez gara inoren makulua. Euskadi da erreferentzia", amaitu du.

Azkenik, PSE-EEko hautagairen ustez, U23ko hauteskundeen ondoren ez da egongo gehiengo osorik eta akordioak ezinbestean lortu beharko dira. Bi aukera aurreikusten ditu: "Pedro Sanchezek gidatutako gobernu progresista edota PP eta VOXen arteko ultraeskuineko aliantza, gutxienez 39raino eramango gaituena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PP Espainiako hauteskunde orokorrak gaur EH Bildu PSE-EE Hautagaiak gaur Eguneko albisteak Albisteak EITB Taldea Hauteskundeak Sumar Mugimendua