Politika -

OSOKO BILKURA

Euskara, autogobernua eta Europako proiekzioa izango dira lehendakariaren lehentasunezko ildoak

Legebiltzarrean osteguneko Politika Orokorreko osoko bilkuran Iñigo Urkullu lehendakariak egingo duen hitzaldiaren gidalerroak ezagutu ditugu astelehen honetan. Lehendakariarentzat autogobernua giltzarri izango da legealdiko azken txanpan.

Eusko Legebiltzarraren politika orokorreko osoko bilkura. Artxiboko irudia
Eusko Legebiltzarraren politika orokorreko osoko bilkura. Artxiboko irudia
Eusko Legebiltzarraren politika orokorreko osoko bilkura. Artxiboko irudia

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legebiltzarrean osteguneko politika orokorreko osoko bilkuran Iñigo Urkullu lehendakariak etorkizunari begira hiru zutabe nagusi aipatuko ditu bere hitzaldian: Autogobernua, Euskara eta Euskadiren parte-hartzea Europar Batasunean.

Lehendakaritzak ostegunean, hilaren 14an, egingo den politika orokorrari buruzko eztabaidan Iñigo Urkullu lehendakariaren diskurtsoaren giltzarri nagusiak eman ditu. Legealdi honetako azkena izango da, itxura guztien arabera hurrengo hauteskundeak ekainaren 9an egingo baitira, Europakoekin batera.

Autogobernuari buruz arituko da lehendakaria hein handi batean; izan ere, akordio bat lortzea ezinezkoa izan bada ere, ponentzian lortutakoak etorkizuneko adostasunen oinarri izango direla uste du Urkulluk: "Ez ziren nahikoak izan arau-akordio bat lortzeko, baina ziur nago funtsezkoak izango direla etorkizuneko adostasunei eusteko".

Horrekin batera, Euskadiren autogobernua higatzeko dauden bideak salatuko ditu, Espainiako Estatua alde batetik, Euskadiren eskumenak diren gaiak arautzen ari delako, eta bestetik, Auzitegi Konstituzionala, eskumen autonomikoen kaltetan ari delako. 

Euskararen kontra azken urtean auzitegi batzuek daramaten jokaerarekin ere kritiko azalduko da ostegunean lehendakaria, eta, politika publikoei dagokienez, besteak beste, jaiotze tasa % 10 handitzeko politikak aipatuko ditu, baita energia berriztagarrien kontsumoa % 20koa izatea edo gazteen emantzipazioa lortzea.

Dena dela, legealdiari erreparatuta, lau urteen balantze gazi-gozoa egingo du Urkulluk, pandemia edota Ukrainako gerra tarteko, uste baitu kostu humanoa, emozionala eta sozioekonomikoa handia izan dela. Dena dela, pixkanaka "gainditzen ari gara", lehendakariaren aburuz.

Iragarritako legeei erreparatuz gero, legealdi honetan 35 onartu ditu Eusko Legebiltzarrak, 10etik ia 7 oposizioko talderen baten babesarekin. Urkulluren hitzetan, adostasun horrek erakusten du Jaurlaritzaren borondatea, eta, hori dela eta, babes hori eman dieten talde politikoei esker ona adieraziko die osoko bilkuran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Alderdi Popularra Urkullu azken albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak EH Bildu Bizkaia PSE-EE Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Podemos berriak Vox