Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Otxandiano, Hezkuntza legearen auziaz: "Gutxiengo batek inposatu dio bere kriterio politikoa gehiengo bati"

EH Bilduko Programa zuzendariak berriz eskatu die EAJri eta PSE-EEri elkarrekin aurkeztutako zuzenketaren zentzua argitzeko. Otxandianoren aburuz, "hauteskundeak hurbilegi daude" eta esku-sartze "partidistak alteratzen ari dira orain arteko eztabaida".

Otxandiano, Legebiltzarretik, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Otxandiano, Legebiltzarretik, elkarrizketaren une batean.
Otxandiano, Legebiltzarretik, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

play icon 16:04

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza Legearen proiektuaren aurrean EAJk eta PSE-EEk hizkuntza-ereduen inguruan aurkeztutako zuzenketak soka luzea ekarri du, eta atzo bezala, zuzenketa hori interpretatzeko modua argitzeko eskatu die biei Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak. Horren ustez, "gutxiengo batek —zuzenean aipatu ez badu ere, PSE-EE zuen gogoan— inposatu dio bere kriterio politikoa gehiengo bati, eta kriterio horrek ez du zerikusirik hezkuntza eztabaidarekin". Izan ere, azaldu duenez, orain arteko eztabaidetan sozialistek ez diote trabarik jarri ikasketak amaitzean euskarazko B2 maila galdegiteari, eta "badakite" ereduek ez dutela hori bermatzen. "Zertara dator orduan hizkuntza-ereduak blindatzeko exijentzia hori?", erantsi du. 

Hauteskunde giroari egotzi dio gertatutakoa Otxandianok Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan. "Hauteskundeak hurbilegi daude eta mundu guztia ari da kalkuluak egiten, segun zer bandera altxatu zenbat boto emango dizkion kalkulatzen". Hala, horren arabera, esku-sartze "politiko, koiuntural eta partidistak alteratzen ari dira orain arteko eztabaida". 

Hori horrela, PSE-EEri zuzenduta eskatu dio argitu dezala nola izan daitezkeen bateragarri hizkuntza-ereduak eta proiektuaren 4. titulua —euskara ardatz gisa ezartzen duen eredu aniztunaren ingurukoa—. "Orain arte PSE-EEk ez du galderaren erantzuna eman, ez duelako erantzunik", salatu du. Otxandianoren ustez, Hezkuntza Legearekin gertatutakoa "oso larria da" gai estrategikoa delako eta datozen urteotako araudia ezarri behar delako. "Egiten ari direna txapuza bat da, politikoki eta juridikoki", nabarmendu du. 

Azkenik, baztertu egin du legea hurrengo legegintzaldirako uztea. Otxandianoren aburuz, "interes gehiegi eta alderdi bat baino gehiago dago interesekin" lege hau aurrera atera ez dadin. Beraz, ondorioztatu duenez, "ez dago bermerik" eztabaida geroratuta legearen prozesua azken bururaino eramango dela ziurtatzeko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Berriak Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Hezkuntza Lege Berria albisteak Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra argazkiak EH Bildu PSE-EE albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Irratia euskaraz Hezkuntza Pello Otxandiano albisteak