Politika -

Hezkuntza Legea

Anduezaren ustez, "ezin da beste irakurketarik egin, hizkuntza-ereduak mantendu egiten direlako"

"Agian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak berak egin du irakurketa okerra", adierazi du PSE-EEko idazkari nagusiak.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia. Irudia: EFE
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia. Irudia: EFE
Eneko Andueza: ''Los modelos lingüísticos se mantienen y no caben otras interpretaciones''

1:34

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak esan du hizkuntza-ereduak "mantendu" egiten direla sozialistek eta EAJk Hezkuntza Lege-proiektuari egindako zuzenketei esker. "Ezin da beste irakurketarik egin", nabarmendu du.

Horrela erantzun die Anduzeak Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak atzo egindako adierazpenei. Akordioaren azalpen bateratua emateko eskatu zien koalizioko ordezkariak jeltzale eta sozialistei, batzuek eta besteek esandakoen artean kontraesanak daudela iritzita: "Bertsio kontrajarriak daude. Alde batetik, ordezkari sozialista batek esan du egun ezagutzen ditugun ereduei eutsiko zaiela. Bestetik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak adierazi du hizkuntza-ereduak eguneratu behar direla, aldatu, eta zuzenketa honek horretarako bidea ematen duela".

Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean egindako adierazpenetan buruzagi sozialistak azpimarratu duenez, "oso garrantzitsua da gurasoei aukera ematea ereduak aukeratzeko askatasuna izan dezaten, eredu bakar baterantz ez joateko". "PSE-EEk eta EAJk adostutako zuzenketari esker bermatu da hori", gaineratu du.

Anduezaren arabera, EAJren bozeramaileak berak hitzartutakoa azaltzeko egin zuen agerraldian "oso argi utzi zuen", eta, hain zuzen ere, "bertsio hori bat dator" PSE-EEren bertsioarekin. Horrenbestez, ordezkari sozialistak uste du "gutxi edo ezer gutxi" argitu behar dela gai horren inguruan.

"Guk zuzenketa hori gehitzen badugu eta proposamen horri eusteko ahalegin handia egin badugu, ereduak mantentzeko da", berretsi du. Anduezaren hitzetan, "eredu horien babespean, ikastetxeek hizkuntza-proiektuak garatu ahal izango dituzte". "Baina, jakina, ereduak mantentzeko ahalegin handia egin badugu, hain zuzen ere, hortik ez mugitzeko izan da", errepikatu du.

Buruzagi sozialistaren ustez, EAJk eta PSE-EEk zuzenketak erregistratu ostean egin zuten agerraldian, "irakurketa berdina" egin zuten. "Agian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak berak egin du irakurketa okerra", erantsi du.

Ildo horretan, asteazkenean Iñigo Urkullu lehendakaria bera, komunikabide batek antolatutako hitzaldi batean, "bat etorri da" PSE-EEren eta EAJren interpretazioarekin, horren aburuz.

Bildarratz sailburua "Egun On Euskadi" saioan izan da gaur Hezkuntza Legeari buruz hitz egiten. Haren esanetan, zuzenketa guztiekin legea hobetzea lortuko dute, eta hizkuntza-ereduak ez dira helburua, beharrezko hizkuntza-mailak lortzeko bitartekoak baizik.

Bildarratzek dio hizkuntza ereduak ez direla helburua, beharrezko hizkuntza mailak lortzeko bitartekoak baizik
Bildarratzek dio hizkuntza ereduak ez direla helburua, beharrezko hizkuntza mailak lortzeko bitartekoak baizik
Bildarratzek dio hizkuntza ereduak ez direla helburua, beharrezko hizkuntza mailak lortzeko bitartekoak baizik

00:49

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hezkuntza legea Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Eneko Andueza