Politika -

KONGRESUA

'Gutxitu' hitza Konstituziotik ezabatzeko erreforma abiatu dute Kongresuan

Horren lekuan, testuan "desgaitasuna duen pertsona" kontzeptua txertatzea proposatu eta eztabaidatuko da. Gizarte alorrean lan egiten duten taldeek erreforma babesteko eskatu diete alderdiei. Voxek jada iragarri du kontra bozkatuko duela.

Kongresua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Kongresua, artxiboko irudi batean.
Kongresua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Gutxitu" hitza Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluaren testutik ezabatu eta horren tokian "desgaitasuna duen pertsona" kontzeptua txertatzeko proposamena gaur iritsiko da Kongresura, PSOEn eta PPn ekimenez. Desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten duten taldeen aspaldiko eskaria da "gutxitu" hitza kentzea.

Erreformak aurrera egiteko, gutxienez Kongresua osatzen duten diputatuen hiru bosten babesa behar du, eta sozialisten eta popularren aldeko botoekin bermatuta luke hori. Konstituzioaren testuan egiten den lehen erreforma soziala litzateke.

Gauzak ondo, izapidetze zuzena erabilita eta irakurketa bakarren bidez egingo da erreforma. Hala, gaurko osoko bilkuraren ondoren, zuzenketa aurkezteko epea zabalduko da, ostegunean bertan bozketa egin eta gaia Senatura igortzeko. Besteak beste, EAJk eta Compromisek iragarri dute zuzenketa bana: jeltzaleek proposatuko dute Konstituzioaren erreforman Euskadiren erabakitzeko eskubidea jasotzea, eta Compromisek, berriz, Valentziako Eskubide Zibila berreskuratzea eskatuko du.

Nolanahi ere, gaur eztabaidatuko den erreforma adostu zutenean, PSOEk eta PPk hitzartu zuten ez zutela beste erreformarik onartuko gaurko saioan, eta beraz,  EAJren eta Compromisen eskariek ez dirudi aurrera egingo dutenik. 

Bere aldetik, gizarte alorrean lan egiten duten taldeek "gutxitu" hitza ezabatzeko erreforma babesteko eskatu diete alderdi guztiei. Voxek jada iragarri du kontra bozkatuko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE PP Espainia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak