Politika -

Hauteskundeen aurrerapena

Euskal alderdien asmoak, agerian

Badirudi hauteskundeen emaitzak estuak izango direla eta hurrengo Jaurlaritzaren osaera itunek zehaztuko dutela.

Patxi Lopez (PSE-EE), Iñigo Urkullu (EAJ), Antonio Basagoiti (PP), Laura Mintegi (EH Bildu), Mikel Arana (Ezker Anitza) eta Gorka Maneiro (UPyD). EITB
Hautagai nagusiak
Patxi Lopez (PSE-EE), Iñigo Urkullu (EAJ), Antonio Basagoiti (PP), Laura Mintegi (EH Bildu), Mikel Arana (Ezker Anitza) eta Gorka Maneiro (UPyD). EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak hauteskundeetarako bidea zabaldu zuen asteartean, urriaren 21ean, hots, aurrez ikusitakoa baino lau hilabete lehenago, izango direla baieztatuta.

Inkesten arabera, EAJk garaipen estua lortuko du, eta EH Bildu bigarren izango da, jeltzaleengandik gertu. Ondorioz, hainbat espekulazio sortzen ari dira euskal alderdien artean, alde batetik, alderdi abertzaleek gehiengoa izango dutelako eta, bestaldetik, Jaurlaritzaren osaera itunek zehaztuko dutelako.

Hori horrela, Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak adostasunerako deia egin du, eta hurrengo legegintzaldian erakundeetan akordio zabalak egin behar dituztela iritzi dio. Helburua, "krisitik ateratzea", bakea errotzea eta "XXI. mendeko autogobernuan nola elkar ulertu zehaztea".

Patxi Lopez PSE-EEren balizko hautagaiak baztertu egin du EH Bildurekin hauteskunde itunik egitea, bi alderdien artean gai, etikoetan eta demokratikoetan, "alde izugarria" dagoela argudiatuta. Alabaina, ez du argitu EAJrekin akordiorik lortzeko prest dagoen.

Antonio Basagoitik (PP) arrisku nagusia EAJk eta EH Bilduk bat egitea dela ohartarazi du, eta hori PPk baino ezingo duela galarazi gaineratu du. Mariano Rajoyk "dena" emango du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta hainbat aldiz etorriko da hauteskunde kanpainan, Basagoitik berak aurreratu duenez.

Urkulluk egin bezala, Laura Mintegik (EH Bildu) ere akordioen beharra azpimarratu du, eta deitoratu egin du PSE-EEk eta PPk koalizio abertzalea hitzarmenak egiteko aukera gisa baztertu izana. Mintegiren esanetan, "esfortzu handia" egingo dute "guztiekin" akordioak lortzeko.

Alderdi txikiak ere mugitzen hasi dira, eta Jose Navas Ezker Batuko bozeramaileak "indar ezkertiar guztiak batzeko" deia egin die Ezker Anitzari eta Izquierda Unida federalari. EB eta Ezker Anitza legegintzaldi honetan bereizi dira, eta IUk bigarrena babestu du.

Azkenik, Gorka Maneiro UPyDren zerrendaburuak PSE-EE eta PP "nazionalismoaren konpartsak" izango direla ohartarazi du.

INKESTAK: LEHIA BIZIA EAJ ETA EH-BILDU ARTEAN

Inkestek lehia bizi aurreikusten dute EAEko hauteskundeetan. Azken galdeketen arabera EAJ da faboritoa, baina oso gertutik du EH-Bildu. Halaber, sozialistei Jaurlaritzan egon izanak kalte egingo diela ere aurreikusten dute.

Euskal Herriko Unibertsitateak maiatzean egindako 1.200 elkarrizketarekin osatutako Euskobarometroaren arabera, EAJk irabaziko lituzke EAEko hurrengo hauteskundeak, 23 edo 24 legebiltzarkide lortuta (gehiengo absolutua ematen duten 38 eserlekuetatik urruti geratuko litzateke, beraz). Euskal Herria Bildu oso gertu izango luke, 22 legebiltzarkiderekin. PSE-EE hirugarren tokian geratuko litzateke, 17 legebiltzarkiderekin, eta PPk 12 edo 13 eskuratuko lituzke. Ezker Anitzak eta UPyDk Legebiltzarrean dituzten ordezkariak galduko lituzkete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea