Politika -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Sanchezen erabakia, Gernika Combatants for Peace eta kanpaina hasiera Katalunian
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko apirilaren 25ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Pedro Sanchezen erabakia: Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak iragarri du bere agenda publikoa bertan behera utziko duela astelehenera arte, presidente izaten jarraitu behar ote duen ala ez aztertzeko, Begoña Gomez emaztea ikertzen ari direla jakin ondoren. X sare sozialean argitaratutako eta herritarrei zuzendutako gutun batean, datorren astelehenean agerraldia egingo duela iragarri du, erabakiaren berri emateko.
- Gernika Combatants for Peace: Aurten Bakearen Aldeko Gernika saria jasoko duen Gernika Combatants for Peace erakundea aurkeztuko dute, 13:00etan. 2006an sortua, Israelgo eta Palestinako borrokalari ohiek osatzen dute eta elkarrekin lan egiten dute bakea sustatzeko.
- Kanpaina hasiera Katalunian: Gaur gauerdian abiatuko da hauteskunde kanpaina Katalunian eta, ohi bezala, 15 egun izango dituzte alderdiek euren programak aletzeko eta herritarrei botoa eskatzeko. Zalantzarik gabe, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen azken erabakiak astinduko du kanpaina hasiera; karguan jarraitu edo ez hausnartzeko, bere agenda bertan behera utzi du gobernuburu espainiarrak.