Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Inbestidura saioa Legebiltzarrean, zatiketa Laudioko udal gobernuan, eta Azkena Rock
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko ekainaren 20an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Inbestidura saioa Legebiltzarrean: Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak 09:30ean emango dio hasiera osoko bilkurari. Segidan, hautagaiek beren gobernu programa azalduko dute, boto kopuruaren arabera txikienetik hasi eta handieneraino, gehienez ere 90 minutuz. Horrenbestez, Pello Otxandianok hartuko ditu hitza aurrena; eta Imanol Pradalesek, ondoren. Hitzaldien ostean bilkura eten egingo da 14:30ak arte. Arratsaldeko saioan talde parlamentarioen arteko eztabaidaren ondotik, bozketa egingo dute. EAJren eta PSE-EEren arteko akordioari esker, Imanol Pradales aukeratuko dute lehendakari, aldeko 39 botorekin (EAJren 27 boto eta PSE-EEren 12 boto).
- Zatiketa, Laudioko udal gobernuan: Omnia talde independenteak EH Bildurekin partekatzen zuen Laudioko udal gobernua uztea erabaki du. Ohar bateratu batean, Omniak eta EH Bilduk eman dute erabakiaren berri, baina "etorkizunean sortuko diren gaietan orain arte garatutako adostasun lerroa lehenesteko konpromisoa" hartu dute biek. lldo horretan, berretsi dute elkarlanean jarraituko dutela "dagoeneko adostuta dauden gaietan elkarlanean jarraitzeko, hala nola Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) eguneratzean" eta dagoeneko martxan dauden inbertsioetan, antzokia, merkatu plaza, San Roke egoitza zaharra, hiltegia, kiroldegia handitzeko egitasmoa eta Kultura Etxea, esaterako.
- Azkena Rock jaialdia: Gaur hasi eta larunbatera arte egingo da Azkena Rock musika jaialdiaren aurtengo edizioa Gasteizen. Mendizabalan joko duten musikari eta taldeen artean ageri dira, besteak beste, Barry Adamson musikaria (Buzzcocks, Nick Cave & The Bad Seeds) Bala, Queens Of The Stone Age, Band Of Horses, Sheryl Crow, Jane's Addiction, L7, Mavis Staples, Warren Haynes Band, Redd Kross, Arde Bogotá, Ty Segall, PiL.T, The Real McKenzies, eta Lendakaris Muertos. Guztira, 56 talde igoko dira oholtzara.