Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Lehendakariaren bilera sorta, bidaiderik gabeko adingabe migratzaileen harrera, BBK Live
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko uztailaren 11n, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Lehendakariaren bilera sorta: Imanol Pradales lehendakariak gaur ekingo dio Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin iragarritako bilera sortari. Sumarreko ordezkariak hartuko ditu gaur (13:00etan), eta bihar PP eta PSE-EEren txanda izango da. Astelehenean, hilak 15, EH Bildurekin egingo du bilera eta asteartean EAJrekin. Voxekin ez da elkartuko. Behin alderdi politikoekin bilerak amaituta, gizarte eragileak ere hartuko ditu Pradalesek.
- Bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren harrera: Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek bidaiderik gabeko 400 adingabe migratzaile banatzea adostu dute, borondatezko harrera izango litzatekeena. Praktikan, 347 pertsona migratzaile lekualdatuko dituzte, gainerako 53ak Kanarietan eta Ceutan geldituko baitira (40 Kanarietan eta 13 Ceutan). PPk gobernatzen dituen erkidegoak ere gutxieneko adingabe migratzaile kopuru bat hartzeko prest agertu dira, eta horrek Voxen haserrea eragin du, eta gaur bertan bilera egingo du popularrekin dituen gobernu itunak hautsi ala ez erabakitzeko.
- Bilbao BBK Live: Gaur hasi eta larunbatera bitartean ospatuko da Bilbao BBK Live musika jaialdiaren 18. edizioa Kobetamendin. Hauek dira aurtengo kartel buruak: Massive Attack, Shinova, Los Planetas, Melenas, Parcels, Grace Jones, Underworld, Jungle eta Arcade Fire. Lehen egunean, Massive Attack, The Prodigy, AIR y Los Planetas, Death from Above, Shinova, Sen Senra, El Buen Hijo, Queralt Lahoz eta Martin de Marte taldeen txanda izango da.