Politika -
Santiago Carrillo zendu da
Agur Trantsizioko ikur nagusietako bati
25.000 pertsona bertaratu dira PCEko buruzagi historikoaren hil-kaperara, azken agurra ematera.
Erredakzioa
Santiago Carrillo buruzagi komunista historikoa zenaren hil-kapera gaur goizean zabaldu dute, CCOO sindikatuak Madrilen duen egoitzan. 21:00ak arte zabalik izatea aurreikusita zegoen arren, ordubete geroago itxi dute. CCOOk esan du "agurra emateko zain dagoen azken laguna pasatu arte" ez dutela Marcelino Camacho aretoa itxiko.
Hil-kapera ostegun honetan irekiko dute berriro, 09:00etan, ekitaldi motz bat egingo dute, bertan, familiak jasotako babesa eskertuko du.
25.000 pertsona joan dira Carrillori azken agurra ematera, hala nola Fatima Bañez Ekonomia ministroa (Gobernuaren partez joan den lehen); Cayo Lara IUko idazkari nagusia eta alderdi horretako diputatu guztiak; Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOOko eta UGTko idazkari nagusiak; Alfonso Guerra PSOEko kide historikoa eta Adolfo Suarez Illana, Espainiako Gobernuko presidente ohiaren semea.
Gorpua bihar erraustuko dute, Almudenako hilerrian. Ondoren, errautsak itsasora botako dituzte, Gijonen (Asturias), berak nahi bezala.
1960tik 1982ra PCEren idazkari nagusi eta Espainiako Trantsizioko aktore garrantzitsuenetako bat izandakoa atzo arratsaldean zendu zen, etxean, lo zegoela. 96 urte zituen, baina burua azken unea arte argi izan zuen.
Lagunak eta hainbat politikari haren etxera joan ziren atzo, senideei elkartasuna eta doluminak adierazteko. Besteak beste, Juan Carlos eta Sofia errege-erreginak izan ziren bertan, eta Carrillok Trantsizioan izandako papera goratu zuten.
Halaber, Kongresuko osoko bilkurak txalo zaparrada bat eskaini zion, heriotzaren berri izan eta berehala.
Carrillo PCEren erreferente nagusia izan da, Dolores Ibarrurirekin batera. Trantsizioan, aurkari politikoekin akordioak lortzeko gaitasun handia erakutsi zuen. Gainera, komunistek ikur konstituzionalak onartzea lortu zuen, tartean bandera eta Monarkia.