Politika -

Protesta eguna

Manifestazioa deitu dute arratsaldean Madrilgo Kongresuan

Protestak bideratu dituen koordinakundeak Madrilgo Gorteak inguratzeko beste saiakera baterako deialdia egin du gaurko, atzo gertaturiko istiluen ondoren.

Protestak izan ziren atzo Madrilgo Kongresuaren inguruan. EFE
Protestak izan ziren atzo Madrilgo Kongresuaren inguruan
Protestak izan ziren atzo Madrilgo Kongresuaren inguruan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailak 25eko Koordinakundeak beste manifestazio berri baterako deialdia egin du gaur arratsalderako Espainiako Kongresuaren aurrean. Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, atzo ilunabarrean Puerta del Sol plazan egindako asanbladan gaurko beste deialdi berria egitea erabaki zuten. Hala, gaur 19:00etan deitu dute jendea Madrilgo Gorteen ingurura, atzoko moduan protesta egiteko.

Atzo arratsaldean egindako manifestazioan istiluak izan ziren. 35 pertsona atxilotu zituzten eta gutxienez 64 pertsona zauritu ziren astearte honetan deitutako manifestazioan, Kongresuaren inguruan. Ekimenak 6.000 pertsona inguru batu zituen Beheko Ganberaren inguruan.

Polizia Nazionala ehunka manifestariren aurka indarrez oldatu zen atzo Neptuno plazan, Madrilen, hainbat gazte Diputatuen Kongresua babesten duen hesia pasatzen saiatu ostean. Espainiako barne ministroak defendatu eta goraipatu egin du gaur Poliziak egindako lana, bere esanetan manifestariek "gehiegizko indarkeria" erabili zutelako.

Samur-Babes Zibilak 64 pertsona artatu zituen ‘Kongresua inguratu’ ekimenaren harira, horietako bat larri dago. 28 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, eta zaurituen artean 27 polizia daude, Madrileko Larrialdietatik jakitera eman dutenez.

Martxa jendetsua

6.000 pertsona inguruk ‘Kongresua inguratu’ ekimenaren harira Espainiako plazarako eta Prado pasealekurako bidea egin zuten, Kongresurako egoitzarantz.

Batzar informatibo asko egin ostean bilera guneetan, manifestatzaileek euren protestari ekin zioten Kongresuaren inguruko kaleak hartzeko eta aldarrikapeneko ekintza ezberdinak egiteko asmoz.

Besteak beste, honako lelo hauek oihukatu dituzte: "hori, hori, hori, Kongresurantz goaz", "Polizia gutxiago eta hezkuntza gehiago", "Demokrazia deitzen diote, baina ez da" eta "lehoien atzean lapur asko daude".

Saenz de Santamaria: ‘kaleari entzun behar zaio, baina baita bozei ere’

Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak atzo esan zuenez, Kongresuaren inguruan bizi izan diren protesten harira, "kaleari beti entzun behar zaio", baina baita hautestontzietan euren botoa erakutsi duten herritarrei ere.

"Kaleari kasu egin behar zaio era baketsuan eta behar den lekuan pertsona bat manifestatzen denean. Indarkeriaz egiten duenean eta espainiar guztien ahotsaren egoitzaren aurrean denean, beste gauza batez ari gara hitz egiten", nabarmendu zuen Saenz de Santamariak Beheko Ganberako korridoreetan.

Gobernuko presidenteordeak argi utzi zuen diputatu moduan bere eginbeharra Kongresura botoa ematera joatea dela, eta bere "legezko beharra" egin behar duela parlamentario moduan herritarrak ordezkatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea