Politika -
Hizkuntza-politika
Garitano:'Legea errespetatzeko arazoak dituena Espainiako Gobernua da'
Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan duenez, Aldundia Bildu Foru Gobernuan sartu baino lehen “indarrean zeuden legeak, dekretuak eta foru akordioak” aplikatzen ari da.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan duenez, Aldundia Bildu Foru Gobernuan sartu baino lehen "indarrean zeuden legeak, dekretuak eta foru akordioak" aplikatzen ari da, hizkuntza-politikaren harira.
Donostian kazetarien aurrean egindako agerraldian, Garitanok Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak egindako "abisuei" erantzun dio, hark Estatuko Abokatutza Gipuzkoako Aldundiaren erabakia (agerraldiak euskaraz egingo dituela esan du) aztertzen ari dela adierazi du, "legearekin bat ez datorrela" uste izanda.
Garitanoren hitzetan, "arazoa duena, lehenengo ezjakinarena eta gero legea errespetatzearena, Espainiako Gobernua da, gu Gobernuan sartu baino lehen onartuta zeuden legeak, dekretuak eta foru akordioak legalki hautatutako erakundeei ohartaraztera eta mehatxu egitera dedikatzen bada".
Aldundiak "Gipuzkoako herritar guztien eskubideak praktikan jartzea bermatzen du, baita hizkuntza arlokoak ere", esan du ahaldun nagusiak.
Garitanok azaldu duenez, "Diputatuen Kontseiluko oinarrizko legeak, dekretuak eta foru-akordioak -10/1982 legea, 4/2009 foru dekretua- daude, herritar guztiek erakunde publikoekin euskaraz komunikatzeko eskubidea dutela diotenak". "Legea beteko ez lukeena horiek ez aplikatzea izango litzateke", azpimarratu du.