Politika -
Espainiako Apezpiku Batzarrak
Gotzainak 'abertzaleekin kezkatuta' agertu dira
"Espainiaren batasuna zaindu beharko litzateke, hau osatzen duten herrien aniztasuna errespetatzen den bitartean", dio hamazazpi gotzainen aldeko botoa eta lau abstentzio jaso dituen deklarazioak.
Erredakzioa
Espainiako Apezpikuen Batzarrak (CEE) “Espainiaren batasunaren alde bakarreko desintegrazioaren aldeko proposamen politikoekin” kezkatuta dagoela erakutsi du, eta elkarrizketak abiatzeko erregutu die eragile politiko eta sozialei.
Juan Antonio Martinez Camino CEEko ordezkariak esan du “Espainiaren mailako nazio zahar baten desintegrazioaren aldeko proposamenek” kezka handia sortzen dietela gotzainei, “politika horien alde egiten dutenek ez dituztelako kontuan hartzen guztion iritziak”.
Lau abstentzio
“Espainiaren batasuna zaindu behako litzateke, hau osatzen duten herrien aniztasuna errespetatzen den bitartean”, dio hamazazpi gotzainen aldeko botoa eta lau abstentzio izan dituen deklarazioak. “Gizartearen egonezina ez litzateke erabili beharko inolako interes politiko bat defendatzeko”, gaineratzen du adierazpenak.
“Estatua osatzen duten herriak ezin izango lirateke ulertu Espainiaren mailako nazio zahar baten batasun kultural eta politikoaren parte izango ez balira”, dio Espainiako Apezpiku Batzarrak.
PSOEren erreakzioa
Soraya Rodríguez Kongresuko talde sozialistaren ordezkariak dudan jarri du Espainiaren batasuna gaur egungo gairik garrantzitsuena ote den.
“Ez dakit gotzainek honen inguruan hitz egin beharko luketen. Uste dut gaur egun gai garrantzitsuagoak daudela", azaldu du Rodriguezek Kongresuan egin duten Ordezkarien ezohiko Bilkuraren ostean.