Politika -
Balantzea
Lopez: 'Ez ditugu zerbitzu publikoak murriztu, ezta pribatizatu ere'
Halaber, esan du bere Gobernuak “gorputz eta arimaz” defenditu dituela zerbitzu publikoak. ELAko ordezkari sindikalek protestatu egin dute hitzaldian.
Erredakzioa
Patxi Lopez funtzioetarako lehendakariak esan duenez, bere Gobernuak ez ditu "zerbitzu publikoak murriztu", "ezta pribatizatu ere", eta "gorputz eta arimaz" defenditu dituela nabarmendu du.
Lopezek adierazpenok egin ditu Urdulizeko "Alfredo Espinosa Ospitalea" eraikitzen ari diren lekuan plaka bati azala kentzean. Aguirre lehendakaria buru izan zen lehenengo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari omenaldia egin nahi izan diote horren bidez.
Ekitaldia Alfredo Espinosaren gertuko familiarrak joan dira, besteak beste, Maria Victoria Espinosa alaba. Idoia Mendia Barne, Justizia eta Administrazio Publikoen sailburua eta Rafael Bengoa Osasun eta Kontsumo sailburua ere izan dira bertan.
ELAko ordezkari sindikalek protesta egin dute hitzaldian
Ekitaldian, ospitalea eraikitzen ari diren lekutik kanpo ELAko ordezkari sindikalek protesta egin dute, murrizketen aurka.
Lopezek esan duenez, Gobernuak ez du zerbitzu publikorik murriztu, eta zerbitzu bat bere ere ez du pribatizatu, "ezta prestazio publikoak ere", baizik eta "gorputz eta arimaz defendatu dugu, mantendu eta hobetu egin ditugu", nabarmendu du.
Atzealdean manifestatzaileen oihuak izanda, Lopezek "beste leku batzuetara, beste autonomia erkidego batzuetara" begiratzeko eskatu die, eta alderatzeko Euskadin egin denarekin eta egiten denarekin, "publikoa babesten dugulako, berdintasunaren eta elkartasunaren bermetzat".
Lopezen hitzetan, "etorkizunean horrela izaten jarraitzea espero dut, zerbitzu publikoetan benetan lerro gorriak egotea, ongizatearen estatu txiki hau mantentzen jarraitzeko, murrizketen olatu handi baten aurrean".