Teknologia -
NETMundial Biltzarra
Pribatutasuna, etorkizuneko Interneten oinarrizko eskubidea
Bi eguneko eztabaida egin dute Sao Paulon Gobernu ezberdinetako ordezkariek, herritarrek, irakasleek eta arlo tekniko eta pribatuko ordezkariek.
Erredakzioa
85 herrialde ezberdinetako ordezkariek NETMundial nazioarteko biltzarrean parte hartu dute, Interneten geroaz eta kudeaketaz hitz egiteko. Bertan, etorkizunari begira zenbait oinarri adostu dituzte, tartean erabiltzaileen pribatutasunerako eskubidea indartzea.
Bi eguneko eztabaida egin dute Sao Paulon Gobernu ezberdinetako ordezkariek, herritarrek, irakasleek eta arlo tekniko eta pribatuko ordezkariek. Etorkizunean Internet nola kudeatu behar den zehazteko hainbat neurri adostu dituzte, nahiz eta Errusia, Kuba edota India neurri horien kontra agertu diren.
Estatu Batuetako Gobernuak egindako espioitza argitara atera ondoren, Brasilgo Gobernuak deitutako biltzarrak indarra hartu zuen.
“Pribatutasunerako eskubidea babestu behar dugu, ezin da legez kanpoko zaintza baten eskuetan egon”, dio adostutako dokumentu “ez lotesleak”.
Bestalde, interes gehien piztu duen beste puntu bat Icann korporazioa etorkizunean nork kontrolatuko duen inguruko eztabaida izan da. Korporazio horrek Interneteko domeinuak kudeatzen ditu, eta egun AEBek zuzentzen dute.
Interneteko kudeaketa “globalerako trantsizioa” segurtasuna eta egonkortasuna oinarritzar hartuz egin behar dela adostu dute NETMundial biltzarreko parte-hartzaileek.
Legearen arloan, “nazioarteko elkarlana” bultzatzeko beharra ere azpimarratu dute adostutako dokumentuan.