Teknologia -
Teknologia inklusiboa
Ikusmen urritasuna duten pertsonak gidatzeko aplikazioa euskal geltokietara iritsi da
Aplikazioa Euskal Trenbide Sareko eta Bilboko metroko instalazioetan erabili ahal izango da.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Trenbide Sareak (ETS) eta Bilboko metroak ikusmen urritasuna duten pertsonak geltokietan gidatzeko aplikazio mugikor bat probatu dute. Aplikazioa Neosistec enpresak garatu du.
Soluzio hori QR motako seinale berrietan oinarritzen da. Gainera, smartphone baten bitartez, seinaleak urrundik irakurtzeko aukera ematen du, edozein argiztapen-baldintzarekin eta irakurketa-angelurekin.
Seinale espezifikoak instalatuz, ibilbideak diseinatu eta elementuei buruzko informazioa eman dezake, eta baita informazio dinamikoa ere. Honela, ikusmen urritasuna duten pertsonentzako edozein gune irisgarri egingo dute, itsuak nahiz ikusmen urrikoak izan.
Halaber, informazio bisual aberastua oinarri hartuta, ikus dezaketen pertsonentzako ere gida bisual gisa balio dezake, osagarri moduan. Horrela, erabiltzaile guztientzako hizkuntza arloko oztopoak ezabatuko ditu aplikazioak, seinaleen informazioa erabiltzailearen gailu mugikorraren hizkuntzan erakusten baita.
Seinaleak ETSko sarbideetan eta nasetan instalatuko dira, eta baita Bilboko metroko sarbideetan ere, eta esperientzia pilotu honetan modu aktiboan laguntzen ari diren tren erakundeetako eta ONCEko langileek sistemaren ebaluazio osoa egin arte utziko dituzte.