cerrar buscador

EITB Maratoia 2023, abenduaren 14an; minbiziaren ikerketarako diru-bilketa – EITB

EiTB MARATOIA

16:07

EiTB MARATOIA

ELKARTASUNA

Iritsi da EiTB Maratoiari amaiera emateko elkartasun egun handia

EiTB

Dirua batzeko ahalegin berezia egingo da egun osoan 902 54 25 25 telefono zenbakian eta eitb.eus-en.

1:38
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Haurren minbizia ardatz duen EiTB Maratoiari amaiera emango dion elkartasun egun handia du EiTBk gaurkoa, abenduak 10. Dirua batzeko ahalegin berezia egingo da egun osoan 902 54 25 25 telefono zenbakian eta eitb.eus-en ere.

"EiTB Maratoiko ekimenak inoiz ikusi ez bezalako erantzuna izan du, eta Lau Teilaturen 1.100 bertsiotik gora jaso ditugu. Orain, dohaintzekin marka guztiak hautsi nahi ditugu, eta egun osoan euskal jendarteari dei egiten diogu kanpainan parte har dezan", esan du Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak, euskal gizarteak izan duen erantzunarekin guztiz eskertuta.

"Helburua EiTB Maratoiarekin bat egitea da, haur minbiziaren ikerketaren alde dirua biltzea zein garrantzitsua den ohartarazteko", erantsi du Maite Iturbek.

Artistek, musika taldeek, abesbatzek, kaletarrek, esparru guztietako jende ezagun eta taldeek landu eta bidali dute 'Lau teilatu'ren bertsioa eitb.eus-era. Itoizen abesti ezaguna EiTB Maratoiaren kanpainarekin lotuz elkartasun uholde hunkigarria lortu du EiTBk.

Bertsio hauek erabiliz, bideoklipa egin da. Halaber, eitb.eus-eko EiTB Maratoiaren webgunean daude bideo guztiak ikusgai, eta, asteartean bertan, ETB4n egun osoan ikusi ahal izango dira bertsioak programazio berezian, etenik gabe. Astearte gauetik asteazken goizera arte, ETB1en eta ETB2n emango dira, jarraian.

Konexioak eta programa bereziak

Egun osoan zehar, EiTBko hedabide guztietan (ETB1, ETB2, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Gaztea) konexio laburrak egingo dituzte deigunearekin diru bilketa nola doan jakiteko. eitb.eus-ek ere etengabe eguneratuko du bildutako diru kopuruari buruzko informazioa. Telefonoak 09:00etan irekiko dira, eta Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia eta Maria Aguirre Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria egongo dira bertan ordu horretan.

Zuzeneko saio banarekin amaituko da maratoiaren eguna

Gauean, zuzeneko gala batekin amaituko da eguna EiTBn. 22:00etan, 'Gure Kasa' berezia izango da ikusgai. Gonbidatuen artean, minbizia duten haurren gurasoak eta elkarteetako ordezkariak izango dituzte, gaixotasunaren inguruan hitz egiteko. Horiekin batera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunak gonbidatuko dituzte haur minbiziaren alorrean egin duten lanagatik. Maite Iturbe EiTBko zuzendaria ere platoan egongo da saioaren amaiera aldera, zenbat diru bildu den jakinarazteko.

Zuzeneko konexioak ere egingo dituzte. Izaskun Moyano Euskal Telebistaren Bilboko egoitzan EiTB Maratoiaren harira antolatu duen gala berezian egongo da, eta bertan jardungo duten taldeak elkarrizketatzeko aukera izango du. Zuriñe, berriz, Bilboko deigunean egongo da, bertako pertsona ezagunak elkarrizketatzen.

'Gure Kasa' berezi honetan, kolaboratzaile guztiak izango dira platoan, eta haur minbiziarekin lotutako istorio bereziak ekarriko dizkigute. Ainhoa Sanchez Iruñera joan da, Mantal Indartsuenak proiektua ezagutzeko asmoz. Joseba Beloki Yerai Alvarez Athleticeko futbolariarekin egon da; izan ere, Yeraik barrabiletako minbizia izan zuen duela urte batzuk. Sorpresak ere ez dira faltako gau berezi honetan, eta, horrez gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bi emanaldiz gozatzeko aukera izango dugu.

Aurretik, 'Ur Handitan' saioan, Urko Anton eta familia ezagutuko dituzte Atertu arte erreportajean. Donostia Ospitaleko haur onkologiako solairuak protagonisten bizitzetan duen garrantziaren lekuko izango dira, Nagore Garcia de Andoin pediatraren bitartez, besteak beste.

Gala berezia izango da 22:15ean ETB2n, Radio Euskadin eta eitb.eus-en, hainbat musika saiorekin tartekatuta. Africa Baetak, Ion Aramendik eta Humberto Gutierrezek aurkeztuko dute saioa. Bertan, Sonakay, Doctor Deseo, Zea Mays, El Consorcio eta Gontzal Mendibilen emanaldiak izango dira eta 'Lau Teilatu'ren bertsio berezi batzuk ikusi ahalko dira. Horrez gain, hainbat pertsona ezagunen mezuak tartekatuko dira.

Hauek ere izango dira platoan: Iñaki Urrutia eta Julian Iantzi aurkezleak, Gaizka Toquero jokalari ohia, Maribel Salas aktorea, Javier Fernandez patinatzailea eta 'Go!azen'eko Miren Arrieta, Asier Burguete eta Nerea Gorriti aktoreak. Gainera, minbizia duten haurren testigantzak izango dituzte, elkarteetako ordezkari eta gurasoekin egongo dira, eta hainbat sorpresa prestatuko dituzte haurrentzat. Amaiera aldera, Edu Barinaga ETBko zuzendariak, behin bildutako diru kopurua ezagututa, aurtengo egunaren balorazioa egingo du.

150 lagundik gora telefona hartzen

EiTB Maratoiaren egunean, urtero legez, 150 pertsona ezagun baino gehiago arituko dira telefono-deiak jasotzen. Telebista eta irratiko aurkezle eta kazetari ugari egongo dira deigunean: Patxi Alonso, Andoni Aizpuru, Xabier Euzkitze, Yolanda Alzola, Adela Ucar, Ana Goitia, Onintza Enbeita, Leire Orbe, June Ansoleaga, Urko Aristi, Xabier Madariaga eta Egoitz Txurruka Txurru.

Horiekin guztiekin batera, beste hauek ere egongo dira laguntzen: Gazteako Ainhoa Etxebarria, Alain Perez, Alexander Padilla eta Oihan Vega esatariak, eta Bego Beristain, Naiara Pinedo, Cristina Laye, Javier Vizcaino, Alberto Guzman, Gorka Landaburu, Maitane Segurola, Lucia Marzo eta Ainhoa Goikoetxea solaskide eta kolaboratzaileak. Horiez gain, 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko Joxean Goñi, Isma Pereira, David Seco, Eneko Van Horenbeke, Nagore Osoro, Iker Babio eta Txema Montoya ere arituko dira deiak hartzen, eta 'Go!azen' telesaileko Karmele Larrinaga aktoreak eta Jabi Elortegi 'Ihesaldia' telesaileko zuzendariak ere bai.

Aktore gehiagok egingo dute bat EiTB Maratoiarekin, hala nola Eneko Sagardoy, Zorion Egileor, Iñigo Aranburu, Itziar Lazkano, Diego Perez, Itziar Aizpuru, Kandido Uranga, Joseba Apaolaza, Ylenia Baglietto, Lander Otaola, Jose Antonio Nielfa 'La Otxoa', Klara Badiola, Mikel Losada, Mikel Martinez, Ane Gabarain, Esther Velasco, Gurutze Beitia, Maribel Salas eta Ugaitz Alegria.

Kirol munduko ordezkaritza handia izango dugu: Txomin Juaristi, Paula Suarez,  Aitzol Atutxa, Txus Jaio, Naiara Diez, Juana Molina-Prados, Patxi Salinas, Nadeth Agirre, Garazi Oliden, Igor Anton, Alex Mumbru, Javi Salgado, Lolo Encinas, Javi Conde, Jon Salvador, Mikel Larunbe, Andoni Aretxabaleta, Marino Lejarreta, Irati Astondoa, Iñaki Perurena, Juanito Oiarzabal, Juanjo San Sebastian, Miguel Madariaga, Markel Irizar, Patxi Peula, Herri Torrontegi, Peio Ruiz Cabestany, Javier Irureta, Iosu Esnaola, Ion Salsamendi...

Musika arlotik, Mikel Urdangarin, Xabier Saldias, Agus Barandiaran (Korrontzi), Iñiguito Txapelpunk, Lander Egaña (Maizeita), Josune Arakistain (Huntza), Uxue Amonarriz eta Aitzol Eskisabel (Huntza), Cris Lizarraga eta Lore Nekane Billelabeitia (Belako), Mikel Markez, Gontzal Mendibil eta Xabi Aburruzaga trikitilaria arituko dira laguntzen.

Horiez gain, Mikel Poblacin, Xabier Gutierrez, Zuriñe eta Ramon Roteta sukaldariak; Sebastian Lizaso eta Itxaso Paia bertsolariak; Karmele Jaio, Jon Arretxe eta Pedro Ugarte idazleak; Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria; Erramun Osa eta Adolfo Arejita, Euskaltzaindiko kideak; Manu Lezertua, arartekoa; Mikel Chillida, Chillida Lekuko zuzendaria; Isidro Elezgaray, UNICEF Euskadiko presidentea; Cayetana Lopez Tapia, Elikagaien Bankuko lehendakaria; Andoni Aldekoa, Euskalduna Jauregiko zuzendaria; Susana Azpilikueta, Mondragon Unibertsitatekoa; Blanca Estrella eta Izakun Gutierrez, Clara Campoamorreko kideak; eta Bilbao 700 elkarteko Josune Ariztondo egongo dira EiTB Maratoiaren deigunean.

Halaber, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Euskalteleko Koldo Unanue, Beatriz Marcos Lagun Zerbitzuetako zuzendaria, Itziar Barrenengoa psikologoa, Olga Rodriguez abokatua, Jon Zarate EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea, Elisa Palenzuela psikoterapeuta, Sara de la Rica ekonomista, Jose Mari Agirretxe 'Porrotx' pailazoa, Yogurinha Borova vedettea, Jesus Mari Lazkano artista, eta Eder Aurre eta Mercedes de Miguel diseinatzaileak egongo dira EiTB Maratoiko deigunean, baita haur minbiziaren aurkako elkarteetako kideak ere.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.