cerrar buscador

EITB Maratoia 2023, abenduaren 14an; minbiziaren ikerketarako diru-bilketa – EITB

EiTB MARATOIA

16:18

EiTB MARATOIA

Bideoklipa

Martxan da EITB Maratoiaren bertso katea

EITB

Bertso katearen hasierako abestiaren bideoklipa estreinatuta, orain erronka da hasierako bertso/abesti hori abestea edo bertso berri bat sortzea. Jada igo daitezke bideoak eitb.eus-era.

1:29
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Aurten, denok gara EITB Maratoiaren kausa. Izan ere, 2020ko edizioak koronabirusa izango du ardatz, eta aurtengo kanpainak COVID-19aren ikerkuntzarako dirua bilduko du. Gainera, joan den urtean bezala, gizartearen parte hartzea oinarri izango duen ekimen parte-hartzailea jarri da martxan, horren bidez Maratoiaren bat egiteko. 2020 honetan bertsoaz baliatuko da ekimen parte-hartzaile hori. Asmoa zera da: euskal gizarte osoaren sentimendua islatuko duen bertso erraldoi bat sortzea, bertso kate itxura izango duena eta denok elkartuko gaituena.

Bertso kate horrek jada badu hasierako bertso bat, abesti eta bideoklip forman. Beraz, martxan da jada EiTB Maratoiko bertso katea, eta EITBk deia egiten dio gizarte osoari bertso kate horretan parte hartzera. Nola? Hasierako bertsoa (abestia) abesten edo/eta bertso berri bat sortzen. Bertso berri bat sortu nahi dutenentzat web-erreminta berezia ere jarri da martxan, eta guztiak jada eitb.eus-era igo daitezke.

Joan den urriaren 23an aurkeztu zen hasierako bertso hori, abestia. Maddalen Arzallus, Sebastian Lizaso, Oihana Iguaran, Xabier Euzkitze, Onintza Enbeita eta Aitor Mendiluz bertsolariek sortu dute, Bob Marleyren "No woman, no cry" doinua erabilita.

Orain, ekimena zabaltzeko, EiTB Maratoiko lantaldeak bideoklipa sortu du. Bertan, kulturaren munduko hainbat pertsona ezagunek parte hartu dute (musikariak, idazleak, poetak…), mezua arlo guztietan ezagutzera emateko.

Gainera, "Bertso katea" izeneko web-erreminta berezia ere jarri da martxan, herritarrei bertso berri bat sortzen laguntzeko. EITB Maratoiaren webgunean dago erabilgarri.

Horrez gain, bideoak eitb.eus-era igotzeko aukera ere badago jada, EITB Maratoiaren webgunean jarritako "Zure bertsiorik onena" gune berezian.

Nola abiatu da bertso katea?

Bertso-katea osatzen hasteko, hasierako bertsoa beharrezkoa zen. Beraz, ekimena abian jarri asmoz sei bertsolari bildu ziren: Maddalen Arzallus, Sebastian Lizaso, Oihana Iguaran, Xabier Euzkitze, Onintza Enbeita eta Aitor Mendiluze. Bakoitzari sentimendu bat aipatu zitzaion, eta sentimendu horri buruz aritu behar zuen bere sorkuntzak. Sentimendu bakoitza, azkenaldi honetan bizi izan dugunarekin oso lotuta dago. Horrela, denen artean bertso komun bat eraiki zuten, gure sentimenduak adierazteko asmoa duena. Eta bertso mundua herritar guztiei hurbiltzea lagunduko duen musika jarri zioten, Bob Marleyren "No woman, no cry" abestiaren doinua.

Eta orain zer?

Orain, erronka da bertso kate hori sortzen jarraitzea, hasierako bertso/abestia errezitatzen, abesten edo bertso berri bat sortzen. Helburua da kanpainan zehar jendeak bertso katearekin bat egitea, hainbat modutan: errezitatzen, abesten edo bertso berri bat sortzen. Horrela, eta guztion parte-hartzearekin, inoiz ikusi ez den bertso-kate bat sortu nahi du EITB Maratoiak: euskal gizarte osoak sortu eta interpretatutako duen bertsoa.

Nola hartu dezaket parte bertso katean?

Aukera ezberdinak daude: Katearen hasierako bertsoa ("Ez negar egin, gu elkarrekin" abestia) abestea edo/eta hasierako bertso hori oinarri hartuta bertso berri bat sortzea.

Zelan sortu dezaket bertso berri bat?

Bertso berri bat sortzen laguntzeko, "Bertso katea" izeneko web erreminta berezi bat jarri da martxan EITB Maratoiaren webgunean, errimak proposatu eta silabak kontatzen dituena. Gainera, sortutako bertsoa partekatzeko aukera ere ematen digu.

Nora bidali behar dut bertsoa?

Joan den urtean bezala, eitb.eus webguneak atal berezia jarri du bertsoak igo ahal izateko, Zure bertsiorik onena izenarekin. 

Aurten, denok gara kausa

"Aurten denok gara kausa. Koronabirusak guztioi eragiten digu". Mezu hori azpimarratu nahi EITB Maratoiak. Horretarako, urtero bezala, pertsona, enpresa, gizarte-eragile eta erakundeen lankidetza eskatuko da, dohaintza-plataformaren bidez. Beste batzuetan bezala, Bizum bidez, banku-transferentziaz, telefonoan edo kalean gertatuko diren ekimen berezien bidez eman ahal izango da dirua. Zehaztasun guztiak eitb.eus-en webgunean egongo dira.

Zenbat eta gehiago izan, orduan eta gehiago lagundu ahal izango dugu

Iaz, 20. urtemuga bete zuen EITB Maratoiak. Irudia aldatzearekin bat, euskal gizarte osora zabaldutako egitasmoa bilakatu zen eta haurren minbizia gai hartuta, inoizko erantzun onena izan zuen kanpainak. EITB Maratoiak marka guztiak hautsi zituen milioi bat euro baino gehiago bilduz. Gainera, Euskal Herriko txoko guztietatik 50.000 ahotsek baino gehiagok "Lau teilatu" abestu zuten eta Zure bertsiorik onena ekimenak 1.500 bideo baino gehiago jaso zituen.

Gutxi batzuek gauza handi bat sortu dezaketela abiapuntu hartuta, aurtengo edizioan ere herritarren eta enpresen inplikazioak duen garrantzia azpimarratu nahi du EITB Maratoiak.

Egun handia

Maratoiaren egun handia abenduaren 17a izango da. Egun horretan dohaintzak hartzeko telefonoan pertsona ezagun andana izango da egun osoan zehar. Horrez gain, EITBko kanal guztiek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta eitb.eus) EITB Maratoiari arreta berezia eskainiko diote elkartasuna sustatu eta koronabirusaren ikerketak behar duen laguntzaz ohartarazteko.

 

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.