EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

16:37

EAE-ko Hauteskundeak 2020

Kanpainako azken eguna

EAJk lankidetza eta akordio eskaintza egin du, 'lidergotik'

EITB.EUS

EH Bilduk akordiorako eskaintza egin du, PSE-EEk boto erabilgarria aldarrikatu du, PPk bere aldeko botoa eskatu du eta Elkarrekin Podemosek EAEren eta Nafarroaren arteko harremanak hizpide izan ditu.

1:28
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Hauteskunde kanpainako azken egunean, EAJk goizeko ekitaldia Donostian egin du eta Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako zerrendaburuak jeltzaleen aldeko botoa eskatu du, "guztion indarrak herrialdeak aurrera egiteko energia sor dezan". Ildo horretan, beren botoak izugarrizko indarra duela esan die EAEko herritarrei.

Egibarrek azaldu duenez, EAJk "herri hau, gizarte hau" gidatu nahi du, baina "ez edozein modutan". Hori dela eta, "lidergo argi" batetik abiatuta "lankidetza eta akordioak" eskaini ditu, haren esanetan, egia osoaren jabe ez direlako eta arazo guztien erantzunak ez dituztelako.

Buruzagi jeltzaleak azpimarratu duenez, EAJren lehentasunak suspertze ekonomikoa, enplegua gizarte babeserako euskal sistema mantentzea eta "herri hau aitortua izateaz gain, errespetatua izan dadin" estatus politikoa garatzea dira. "Guk Euskadi libreago bat eta euskal gizarte justuago bat nahi dugu", zehaztu du.

Bestalde, Egibarrek adierazi du jeltzaleak pozik daudela egindako kanpainarekin; izan ere, egitasmoa eta konpromiso zehatzak azaltzen asmatu dutela irizten diote.

EAJk Bilboko Areatzan egingo du kanpaina itxierako ekitaldia eta 20:00etan hasiko da. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteaz gain, bertan izango dira EAJren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak; hurrenez hurren, Iñigo Urkullu, Josu Erkoreka eta Joseba Egibar.

 

 

 

 

EH Bildu

Miren Larrion EH Bilduren Arabako zerrendaburuak Gasteizko eta Iruñeko aldaketa eredua "zabaltzea" proposatu du gaur goizeko ekitaldian.

Larrionez gain, Joseba Asiron Iruñeko alkateak ere EH Bilduk goizean Gasteizen egin duen hauteskunde kanpaina azken eguneko goizeko ekitaldian parte hartu du.

EH Bilduko Arabako zerrendaburuak azpimarratu duenez, koalizioak "eskuzabaltasunez" jokatu zuen Gasteizen; izan ere, EH Bilduk, bigarren alderdirik bozkatuena izanik, Gorka Urtaran jeltzaleari babesa eman zion 'popularrak' alkatetzatik kentzeko. Gainera, Nafarroako Foru Gobernuan eta Iruñeko Udalean lorturiko antzerako akordioak ere hizpide izan ditu.

EH Bilduko hautagaiak azpimarratu duenez, Araban eta Nafarroan izandako portaera "eredu" hori I25eko hauteskundeetara zabaldu nahi du herrialde "ondradu" batera bidean aurrera egiteko. Ildo horretan, lankidetza guneak bilatzeko deia egin die EAJri eta Elkarrekin Podemosi.

EH Bilduk Donostiako Urdaneta kalean egingo du kanpainako bere azken ekitaldia eta bertan izango dira Arnaldo Otegiz gain, Miren Larrion, Jasone Agirre eta Maddalen Iriarte zerrendaburuak.

 

 

 

 

PSE-EE

Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaiak azpimarratu du nazionalisten eta ez nazionalisten eta euskaldunen eta erdaldunen arteko "desberdintasunekin" amaituko duen lehendakaria izan nahi duela.

Sozialistek goizean Donostiako Cervantes plazan egin duten ekitaldian, Mendiak adierazi du sozialisten aldeko boto bakoitzak gizarte politikak "indartzeko" eta murrizketak eta koordainketa "saihesteko" balioko duela.

Igandeko hauteskundeak Euskadiko etorkizunarentzat "erabakigarriak" izango direla esan ostean, Mendiak nabarmendu du igandean erabakiko dela "Euskadi justuago batera aurrera pausoak eman nahi ditugun edo bakoitza bere aldetik joan eta hondoratu egingo garen".

PSE-EEk Gasteizko Sansomendi auzoan egingo du azken ekitaldia eta 20:00etan hasiko da Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiarekin.

 

 

 

PP

Jeltzaleek Pedro Sanchezen gobernu osaketa ahalegina babestuko duten ala ez argitzeko eskatu dio Alfonso Alonso PPren lehendakarigaiak Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiari.

Hori guztia dela eta, botoa PPn kontzentratzeko dei egin du Alfonso Alonsok. Gaineratu duenez, 'popularren' aldeko botoak Pedro Sanchezen gobernu "erradikala" geldiarazteko eta Espainiako egoera desblokeatzeko balioko du.

 

Elkarrekin Podemos

Elkarrekin Podemos ek Santikurutze Kanpezun egin du hauteskunde kanpainako azken eguneko goizeko ekitaldia eta bertan izan dira Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaia eta Laura Perez Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusia. Koalizioak Euskadiren eta Nafarroaren arteko lotura azpimarratu du antzinako tren euskal-nafarraren aurrean.

Koalizioak Zarauzko Munoa plazan egingo du kanpainako azken ekitaldia 20:30ean hasita. Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiaz gain, bertan izango dira Nagua Alba, Lander Martinez, Cristina Macazaga, Julen Bollain, Eukene Arana, Jose Ramon Becerra eta Jon Hernandez ere.

 

 

 

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena