EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Soziometroa

EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa lortuko lukete, eserleku gehiago eskuratuta

EAJk hauteskundeak irabaziko lituzke, 29 eserleku lortuta, bat gehiago, EH Bilduk 19 ordezkari bereganatuko lituzke, bat gehiago, eta PSE-EEk 12 lortuko lituzke, 3 gehiago.

Eusko Legebiltzarra. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Eusko Legebiltzarra. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Eusko Legebiltzarra. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk hauteskundeak irabaziko lituzke, 29 eserleku lortuta, bat gehiago, EH Bilduk 19 ordezkari bereganatuko lituzke, bat gehiago, eta PSE-EEk 12 lortuko lituzke, 3 gehiago. Elkarrekin Podemosek hiru legebiltzarkide galduko lituzke (sozialistek gora egiten duten kopuru berdina), eta koalizio morea laugarren sailkatuko litzateke, 8 ordezkarirekin; PP+Cs koalizio berriak 7 eserleku bereganatuko lituzke, bi gutxiago, eta Voxek ez luke ordezkaritzarik lortuko, Eusko Jaurlaritzako azken Soziometroaren arabera.

Inkestaren emaitzekin, jeltzaleek eta PSE-EEk koalizio Gobernua errepikatu dezakete gehiengo osoarekin; izan ere, bi indarrek Ganberako 75 ordezkarietatik 41 eskuratuko lituzkete.

Bizkaia

Bizkaian, EAJk 11 eserleku mantenduko lituzke, botoen % 43,3 lortuta, eta EH Bilduk 5 ordezkari, aurreko legealdiko kopuru berdina, bozen % 18,9rekin.

Elkarrekin Podemosek legebiltzarkide bakarra galduko luke, 4tik 3ra pasako litzateke, botoen % 11,8 eskuratuta. PSE-EEk, ostera, lau eserleku lortuko lituzke, 2016ko hauteskundeetan baino bat gehiago, bozen % 15 lortuta. PP+Cs koalizioak Alderdi Popularraren bi legebiltzarkideak mantenduko lituzke, botoen % 7,4rekin erdietsita.

Voxek ez luke Eusko Legebiltzarrean sartzerik izango, bozen % 2 batekin. Soziometroak % 33,5eko abstentzioa aurreikusi du Bizkaian.

Gipuzkoa

Gipuzkoan, EAJk 10 ordezkari eskuratuko lituzke, 2016ko irailaren 25ean baino bat gehiago, bozen % 36,5 bereganatuta. EH Bildu bigarren indar bezala mantenduko litzateke, baina legebiltzarkide bat gehiago lortuta (% 31,6).

PSE-EE ordezkari gipuzkoar kopuru berdinarekin geratuko litzateke Ganberan (3), % 14 botorekin; Elkarrekin Podemosek eserleku bat galduko luke, % 10,2ko babesarekin, 2 legebiltzarkide eskuratuta.

PP+Cs koalizioak bozen % 5,3 lortuko lituzke, eserleku bakarra, 2016an Alderdi Popularrak baino bat gutxiago. Voxek ez luke ordezkaritzarik lortuko, botoen % 0,9rekin. % 36ko abstentzioa iragarri du inkestak.

Araba

Araban, EAJk 8 eserleku mantenduko lituzke, botoen % 29,9 erdietsita. Era berean, EH Bildu 5 ordezkarirekin geratuko litzateke (bozen % 18,5); bitartean sozialistek koalizio abertzalearen kopuru bera lortuko lukete (5), 2016an baino bi gehiago, botoen % 18rekin.

PP+Cs koalizioak eserleku bat galduko luke, lau legebiltzarkide lortuta. Voxek ez luke ordezkaririk eskuratuko, nahiz eta Santiago Abascalen alderdiak eserlekuren bat lortzeko aukerarik handienak lurralde historiko horretan izan. Boto portzentajea % 2,8an geratzea espero du inkestak. Abstentzioa % 35,5ean kokatuko da Araban.

Inkesta otsailaren 18tik 26ra egin zuten, biak barne, etxeetan egindako elkarrizketen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan. Konkretuki, 1.750 pertsona elkarrizketatu zituzten, 406 Araban, 840 Bizkaian eta 504 Gipuzkoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Iñigo Urkullu biografia Bizkaia Gipuzkoa Araba Ameriketako Estatu Batuak Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Idoia Mendia albisteak Hauteskundeak AEB Alderdi politikoak EH Bildu Gipuzkoa Euskal sozialistak PP Gipuzkoa Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus Maddalen Iriarte Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Carlos Iturgaiz azken ordukoa Miren Gorrotxategi