EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Soziometroa
EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa lortuko lukete uztailaren 12ko hauteskundeetan
Eusko Jaurlaritzaren soziometroaren arabera, EAJk 31 eserleku lortuko lituzke (+3), EH Bilduk 19 (+1), PSE-EEk 11 (+2), eta Elkarrekin Podemosek eta PPk 3na galduko lituzkete.
eitb.eus
Uztailaren 12ko Legebiltzarrerako hauteskundeei begirako Soziometroa kaleratu berri du Eusko Jaurlaritzak, eta horren arabera, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa eskuratuko lukete.
Izan ere, EAJk, indartuta, duela lau urte baino 3 eserleku gehiago lortuko lituzke, 31 legebiltzarkide hain zuzen ere.
Atzetik, EH Bilduk 19 eserleku erdietsiko lituzke, 2016an baino bat gehiago.
PSE-EEk hirugarren lekua hartuko luke, bi eserleku gehiago irabazita, eta guztira 11 legebiltzarkide izango lituzke.
Azkenik, Elkarrekin Podemosek eta PP-Ciudadanos koalizioak behera egingo lukete, hiruna eserleku galduta, eta 8 eta 6 eserlekurekin geratuko lirateke, hurrenez hurren.
Lurraldeka, eserlekuen banaketa hauxe izango litzateke:
- Gipuzkoa: EAJk 10, EH Bilduk 9, PSE-EEk 3, Elkarrekin Podemosek 2 eta PP-Ciudadanosek 1.
- Bizkaia: EAJk 12, EH Bilduk 5, PSE-EEk 4, Elkarrekin Podemosek 3 eta PP-Ciudadanosek 1.
- Araba: EAJk 9, EH Bilduk 5, PSE-EEk 4, PP-Ciudadanosek 4 eta Elkarrekin Podemosek 3.
EAJ izango litzateke garaile hiru herrialdeetan, baina nabarmenago Bizkaian, 25 eserlekuetatik 12 eskuratuko bailituzke, 2016an baino bat gehiago, % 43,6ko babes aurreikuspenarekin (% 42 duela 4 urte).
Araban jeltzaleek 9 ordezkari lortuko lituzkete (2016an 8) botoen % 31,3rekin, aurreko bozketan baino 3 puntu gehiago.
Gipuzkoan ere handitu egingo luke ordezkari kopurua, zituen 9etatik 10era igota, eta EH Bildurekiko aldea handituko luke, duela lau urte 5,5 puntukoa baitzen, eta aurten 6,6koa izatea aurreikusi dute, botoen % 37,7rekin.
EH Bildu bigarren indarra izango litzateke hiru lurraldeetan. Duela lau urte Araban PP izan zen bigarren. 5 ordezkariei eutsiko lieke lurralde horretan, botoen % 19,3rekin (% 17,9 lortu zuen 2016an), eta gauza bera gertatuko litzateke Bizkaian, botoen % 18,8rekin (2016an % 17,56).
Koalizio abertzaleak pisua eta eserleku bat irabaziko lituzke Gipuzkoan, 9ra iritsita, botoen % 31,1 lortzeko aurreikuspenarekin. 2016an % 28,8ko babesa jaso zuen.
EAJren ostean, hauteskundeetan gorakada handiena izango duena PSE-EE izango litzateke, Legebiltzarreko hirugarren indarra izatera pasatuko bailitzateke, Elkarrekin Podemosen kaltetan.
Sozialistek eserleku bana irabaziko lukete Araban eta Bizkaian, 4raino bi kasuetan, eta Gipuzkoako 3ei eutsiko liekete. Boto kopurua % 15,5era iritsiko litzateke Bizkaian (2016an % 11,7), % 17,3ra Araban (% 12,99), eta % 13,3ra Gipuzkoan (% 11,8).
PP-Ciudadanos koalizioak eserleku bat galduko luke lurralde bakoitzeko, PPk berak bakarrik dituenen aldean. 4 eserlekutan geratuko litzateke Araban, % 14,6ko babesarekin (2016an % 18,58), bakarra lortuko luke Araban % 6,6ko boto aurreikuspenarekin (% 9,7), eta beste bat Gipuzkoan, botoen % 5,4rekin (% 7,2).
Voxek ordezkaririk gabe jarraituko luke Eusko Legebiltzarrean, baina boto asmoan gorakada bat izan lezake Araban, 2016an aurkeztu zen lurralde bakarrean, % 0,5etik % 2,5era, eserlekua lortzetik 0,5 puntura. Bizkaian botoen % 1,7 eskuratuko luke, eta Gipuzkoan, % 1,2.