EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Kanpaina-hasiera

Urkulluk ekonomiaren aldeko itun baten bidez autogobernuan sakontzea proposatu du

EAJko lehendakarigaiak, jeltzaleen kanpaina-hasierako ekitaldian, itun politiko eta sozial baten alde egin du, pandemiaren "bigarren erasoari", alegia, krisi ekonomikoari, aurre egiteko.

Iñigo Urkullu, kanpaina-hasierako EAJren ekitaldian. Argazkia: EFE.
Iñigo Urkullu, kanpaina-hasierako EAJren ekitaldian
EAJk Gernikako Batzar Etxea aukeratu du kanpainari hasiera emateko

0:58

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakari eta EAJko lehendakarigaiak, hauteskunde-kanpainaren hasiera-ekitaldian, "itun politiko eta sozial handi baten bidez" autogobernuan sakontzearen alde egin du; horren helburua litzateke koronabiruseko pandemiaren "bigarren erasoari" aurre egitea, alegia, "krisi ekonomiko oso latzari".

Uztailaren 12an egitekoak diren hauteskunde autonomikoetarako EAJren kanpainaren hasiera-ekitaldia COVID-19aren biktimen aldeko minutu bateko isilunea eginez hasi dute. Urkullurekin batera, Andoni Ortuzar EAJko EBBren presidentea, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko zerrendaburua eta Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburua izan dira bertan.

Gernikako Juntetxean, Gernikako Arbolaren aurrean, babes-neurriak zaintzeko edukiera txikiagoa izanik, jeltzaleen kanpainetan ohikoak izaten diren mitin jendetsuetatik urrun, lehendakariak eskatu du "eraikitzea, nortasunen aniztasunetik", eta ohartarazi du "hitzartzea ez dela amore ematea, baizik eta partekatutako nazio-egitasmo baterantz aurreratzea".

Bere hitzaldian, Iñigo Urkulluk nabarmendu du Gernikak "euskal autogobernu sendoa" ordezkatzen duela; "oinarri" horretatik, Euskadik gaitasuna izan du erantzuteko koronabirusaren "lehen erasoaren aurrean". "Lehen kolpe hori gaindituta", zehaztu duenez, "orain bigarren erasoari egin behar diogu aurre, alegia, krisi ekonomiko oso latzari. Hori da erronka handia, irtengo gara, Euskadi zutik!", adierazi du.

Nabarmendu ere nabarmendu du "aitortutako autogobernua" euskal erakundeak direla, horien eskumenak eta ahalmenak; gogora ekarri duenez, baliabide horiek "modu egokian" kudeatu dituzte, pandemiaren osasun- eta gizarte-krisiari aurre egiteko.  

"Itun sozial eta politiko handia"

Hori dela eta, orain, koronabirusak utzitako "ekonomia- eta enplegu-krisiari aurre egite aldera", beharrezkoa da autogobernua "indartu eta sakontzea". Hortaz, hori eguneratzeko, "itun sozial eta politiko handi baten alde" egin du.  

"Akordio sendo eta iraunkorra behar dugu, gure garaiko aldaketa sozialetara moldatu ahal izateko, gure aurrean dauden osasun-, gizarte, demografia, klima- hezkuntza- edo enplegu-erronkeen zailtasunari erantzuteko; Europara gehiago hurbilduko gaituen akordio bat", gehitu du.

Testuinguru horretan, Gernikako Estatutuaren garrantzia azpimarratu du; izan ere, "Euskal Herriaren nortasuna onartzea ekarri zuen, Euskadiren instituzionalizazioa ahalbidetu zuen, eta egun dugun aurrerapen-, ongizate- eta justizia-mailara iristeko aukera eman digu", ziurtatu du.

Estatus berria

Iñigo Urkulluk nabarmendu duenez, uztailaren 12ko emaitzek sortuko duten Legebiltzar berriak Autogobernuaren Lantaldeak legegintzaldiaren amaieran proposatutako testuaren gainean lan egingo du: "Oinarri horrekin, baikorrak gara, Euskadirentzako estatus berriari dagokionez, Euskadi eraikitzen jarraitzeko".

Haren iritziz, "herrialdea eraikitzea erronka kolektiboa da, eta behar du prozesu serio, lasai eta elkarrizketan aritua"; herrialdea eraikitzeak esan nahi du, azpimarratu du Urkulluk, "adostasun sozialak berritu eta handitzea, batzuek alde batera utzi ezin dituzten ezezkotasunatik eta gatazketatik ihes eginda".

Bestalde, Bakartxo Tejeriak esan duenez, EAJk "lan egin behar du koronabirusa aukera bihurtzeko, herri hau nazio aurreratuenen artean kokatzen jarrai dezan".

Azkenik, Leixuri Arrizabalagak "indarrarekin altxatzeko, oraina egiteko eta etorkizuna eraikitzeko unea" dela esan du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika PNV-EAJ Urkullu albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra bideoak EAE albisteak EAEko hauteskundeak 2024 Alderdi politikoak albisteak Hauteskundeak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea EiTB Focus albisteak Hauteskundeak Zeintzuk dira azken hauteskunde galdeketak? Euskadiko hauteskundeak emaitzak minutuz minutu