EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Hauteskunde-kanpaina
Bi atxilotu Donostian, Voxeko mitin batean izandako istiluengatik
Ertzaintzak polizia-karga egin du manifestariak sakabanatzeko. Horiek harriak, botilak eta petardoak bota dituzte, eta edukiontzi batzuk erre dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak bi lagun atxilotu ditu Donostian ostiral arratsaldean, Voxeko hauteskunde-ekitaldi batean izandako istiluekin zerikusia dutelakoan. Ekitaldian, hainbat manifestarik harriak, botilak eta petardoak bota dizkiete mitinaren segurtasuna zaintzen ari ziren ertzainei. Agenteek polizia-karga egin dute manifestatzaileak sakabanatzeko, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Mitina 21:00ak aldera amaitu da, eta orduan hasi dira istiluak. Une horretan, Voxeko agintari batzuk, tartean Javier Ortega Smith idazkari nagusia eta Maria Perez uztailaren 12ko hauteskundeetarako hautagaia, ekitaldiko lekutik ari ziren alde egiten, Ertzaintzak babestuta; talde antifaxista eta erradikal batzuek deitutako zenbait manifestari objektuak botatzen hasi zaizkie. Voxeko kideek irekitako euritakoak erabili dituzte, euren burua babesteko.
Mitina aurreikusitako orduan hasi da, 20:00etan, Loiola auzoko Latsari plazan. Aurretik ere, hainbat ertzain zeuden bertan; ehun lagun baino gutxiago batu dira ekitaldian.
Ertzaintzak plaza sokaz hesitu du, eta zigilua jarri dute aldameneko kaleetan, hauteskunde-ekitaldirako lekua mugatzeko. Bitartean, elkarretaratzea egiten ari ziren lagun batzuk Santiago Abascalen alderdiaren aurkako oihuak botatzen hasi dira; Ertzaintzak saihestu du horiek ekitaldira gerturatzea. Mitinak 20 bat minutuko iraupena izan du.
Ekitaldia amaituta, manifestariak objektuak eta botilak botatzen hasi dira, ertzainen kontra, eta edukiontziren bat irauli eta erre dute. Suhiltzaileek sua itzali dute, eta Ertzaintzak karga egin du.
Ortega Smith eta Voxeko gainerako kideak Latsari plazan izan dira, alde egin gabe, aldameneko kaleetan, istiluak zeuden bitartean.21:00ak jota, oinez joan dira, manifestarien oihuen artean; lapikokadaren baten soinua ere entzun da. 21:3ean normaltasuna bueltatu da, eta istiluak amaitu egin dira.