EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

20:16

EAE-ko Hauteskundeak 2020

ETB2ko debatea

Pandemiaren kudeaketa eta krisi ekonomikoa izan dituzte aztergai hautagaiek, debatean

eitb.eus

Besteak beste, COVID-19aren kudeaketaz eta gaitzak eragindako krisi ekonomikoaz eztabaidatu dute lehendakarigaiek, ETB2ko hauteskunde-debatean.

  • Hautagaiak, debatearen hasieran. Argazkia: ETB

    Hautagaiak, debatearen hasieran. Argazkia: ETB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Pandemiaren kudeaketa eta krisi ekonomikoa izan dituzte aztergai lehendakarigaiek, astearte honetan, ETB2ko hauteskunde-debatean. Besteak beste, COVID-19aren kudeaketaz eta gaitzak eragindako krisi ekonomikoaz eztabaidatu dute hautagaiek, ETB2ko hauteskunde-debatean. Kanpainako bigarren eztabaida izan da, joan den astean ETB1eko debatea egin eta gero, eta hauek izan dira parte-hartzaileak: Iñigo Urkullu (EAJ), Maddalen Iriarte (EH Bildu), Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos-IU), Carlos Iturgaiz (PP+Cs), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Joserra Becerra (Equo Berdeak).

Krisi ekonomikoa

Hautagaiek krisi ekonomikoa izan dute hizpide, debatea hasteko. Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak esan duenez, ekonomiak, lehenik eta behin, egonkortasuna eta konfiantza sortu behar ditu; Urkulluk, testuinguru horretan, hainbat konpromiso zehaztu ditu: BPGaren % 40 diren industria eta zerbitzu aurreratuak bultzatzea, lehen lan-esperientzia 30.000 gazteri ematea, autonomoentzako laguntza gehiago ezartzea, berrikuntzan egindako inbertsioa urtero % 6 areagotzea, Euskadi arlo horretan erreferentzia izateko, eta merkataritzan eta turismoan galdutako enplegu osoa berreskuratu eta sektoreko 2.500 langile trebatzea. EAJko lehendakarigaiaren esanetan, ez da murrizketarik izango: "Zergak ez dira igoko, zerga-politikak ziurtasuna behar du; duela hiru urte zerga-politika aldatu genuen", gogorarazi du.

Maddalen Iriartek esan dio Urkulluri murrizketak egon badaudela, eta Urkulluk eratzun du azken zazpi urteotako Aurrekontuetan gizarte-politikak areagotu egin dituztela. "Hezkuntzan, murrizketak ari zarete ezartzen", adierazi du Iriartek, nolanahi ere.

Urkulluk gogorarazi du Aurrekontuak onartuta daudela, "nahiz eta zuek kontrako botoa eman", esan dio Iriarteri, eta nabarmendu du konpromisoa dela zerbitzu publikoei eustea.

Gorrotxategiren esanetan, "kontua ez da zergak igo ala jaitsi, baizik eta nork ordaintzen dituen, eta zenbat". Zehaztu duenez, EAE, diru-bilketan, Europako batezbestekotik behera dago; enpleguarekin lotuta, Gorrotxategik nabarmendu du planak egin behar direla, "baina kalitatezko enplegua izan dadin".

Idoia Mendiak gogorarazi duenez, "EAJ berriro Jaurlaritzara bueltatu zenean, 2012an, eskuzabaltasunez, laguntza eman genuen zerga-sistema aldatzeko, eta Euskadin murrizketarik izan ez zedin". Pandemiak, Mendiaren iritziz, "umiltasun-irakasgai eman digu"; esan duenez, lehendakaria balitz, hautagai guztiei deituko lieke, guztien artean neurriak adosteko.

Carlos Iturgaizek adierazi du Nazioarteko Diru Funtsa esaten ari dela Espainia munduko gainerako herrialdeak baino egoera txarragoan dagoela, ekonomiari eta enpleguari dagokienez, "eta horrek Euskadiri ere eragingo dio". Sanchezek eta Iglesiasek, Iturgaizen ustez, konfiantza suntsitu dute: "EAJko agiria ez dutenek ez dute inolako aukerarik, lur honetan".

Iriartek Euskaltelen kasua mahaigaineratu du: "Enpresa estrategikoa da, ilusio handia sortu zuen, eta, egun, atzerritar eskuetan dago. Halaber, Siemens Gamesa aipatuko dut: Agoitzen, 250 langile kalean utziko ditu, eta zalantzak ditut, ea zer gertatuko den Mungian, Zamudion eta Asteasun. Hau ezin da gertatu, ezin dugu baimendu. Berriro lokalizatzeko politikak behar ditugu, sektore estrategikoak direlako".

Gorrotxategik esan duenez, aukera badago La Naval erreskatatzeko: "Hori da gure asmoa, Jaurlaritzara iritsiz gero". Ildo horretan, Urkulluk azaldu du nola proposatzen duten enpresetan parte-hartzea: "Enpresaren sustraitzea, haren ahalmena, eta internazionalizazioa kontuan izanik, La Navalen ere".

Mendiaren esanetan, trebakuntza eta hezkuntza dira gakoak, langileak berreskuratzeko eta horiek digitalizaziora egoki daitezen, baita langabezian daudenak berreskuratzeko ere: "Batez ere 45 urtetik gorakoak, enplegu berdean lana topa dezaten, eta gazteak, ezin baitugu gazteen talentua galdu".

Eztabaida izan da, puntu horretan Miren Gorrotxategiren eta Iñigo Urkulluren artean; izan ere, Elkarrekin Podemos-IUko hautagaiak esan du Lehiaren Europako Agintzaritzak ebatzi duela La Navaleko akzioak erosi ahal direla, baina EAJko hautagiak nabarmendu dio ezetz, Legebiltzarrean azaldu dutenez. Becerrak, bere aldetik, eskatu du enpresetan lehenago esku-hartzea, "La Naval bezala ez amaitzeko".

"Ekonomiaren norabidea aldatu behar dugu", esan du Iriartek, "eta, zerga-politikari dagokionez lehentasunak zehaztu behar ditugu. Hainbat enpresak asko irabazi dute, denbora luzean".

BIDEOA | Hauteskunde-debatearen lehen blokea: krisi ekonomikoa

Osasun-krisia

Jarraian, lehendakarigaiek osasun-krisia izan dute aztergai. Maddalen Iriarteren iritziz, Osakidetza ez da pandemiarako prest egon, "Jaurlaritzak baietz esaten badu ere". Eskerrak eman dizkie pandemiari aurre egin dien langile guztiei, eta kezka agertu du Goierriko berragertzeagatik: "Kasu guztiak atzemateko baliabiderik gabe jarraitzen dugu. Herrialde honetako heriotza-tasa munduko altuena da, bai eta kutsaduren tasa ere".

Urkulluk, aldiz, esan du Osakidetzak ondo erantzun duela: "Arazoak izan dira, baina erreakzio-gaitasuna erakutsi du. Euskal gizarteak 8ko nota karri dio Osakidetzari. Munduko osasun publikoko zerbitzurik onenetakoa dugu, hainbat hamarkadatan inbertsioak egin ditugulako".

Iturgaizek, lehenik eta behin, gaitzetsi du Pedro Sanchez ez egotea astelehenean Madrilen egindako biktimen aldeko hiletan: "Hil diren 2.000 euskal herritarrentzako iraina izan zen". Esan duenez, "justiziak epaia eman du: Jaurlaritzak ez ditu babestu gure osasun-langileak, eta euren bizitza arriskuan jarri du. Erizainek diote babes-ekipoak berrerabili behar izan zituztela, nahikorik ez zeudelako. Kudeaketa oso txarra da".

Miren Gorrotxategiren esanetan, pandemiak aurretik zeuden arazoak handitu egin ditu: "Langileak eta baliabide materialak falta dira, pribatizazioak eta murrizketak izan direlako. Osasungintzan murrizketak egin izan dira: 2010ean, inbertsioa BPGaren % 5,24 zen; 2018an, aldiz, 4,73".

Idoia Mendiak esan duenez, birusak erakutsi du gabeziak begi-bistan geratu direla, osasungintzaren egoera ona bada ere: "Abian ditugun modernizazioak arindu behar ditugu. Gure ustez, gakoa da lehen mailako arreta indartzea, eta baliabide teknologikoak eta telemedikuntza baliatzea, medikuak aurrez aurreko arreta behar duten gaixoetan zentratu ahal izateko. Batez ere, adinekoen eta egoitzeko erabiltzaileen artean izan dira hildakorik gehien; proposatzen dugu sortzea Euskadiko eremu sozio-sanitarioa, osasungintza mendekotasunarekin lotzeko, bai eta adinekoen zaintzarekin ere".

Joserra Becerrak nabarmendu du pandemiak erakutsi duela osasunik gabe ez dagoela ezer: "Osasuneko sistema publikoak indartu behar ditugu". Halaber, argi geratu da, Becerraren ustez, denak elkarrekin aritu behar direla, "Gobernuak lehiatzen ibili diren arren". Horrez gain, pandemiak frogatu du prebentzioa giltzarria dela, esan du Becerrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaiari dagokionez, Iñigo Urkulluk nabarmendu du auzitegiak berak zehaztu duela ekiporik eza "aldi baterakoa" izan zela, eta Osakidetzak kudeaketa ona egin zuela: "Estatuan eta mundu osoan gertatu da hori, babes-ekipo nahikorik ez dela izan. Garai oso latzak izan dira, baina konponbidea ematen jakin dugu".

Halaber, EAJko lehendakarigaiak esan du 300.000 PCR proba baino gehiago egin dituztela Euskadin, eta egunero 3.500 baino gehiago ari direla egiten: "Estatu eta Europa mailan, lehen postuetan gaude", kopuru horiekin. Miren Gorrotxategiri nabarmendu dio Osakidetzaren Aurrekontuak, lau urtetan, 2.600 milioietatik 3.000 milioietara egin duela gora.

"Jende gutxi dugu positiboak atzemateko. 36 lagun gutxi dira. Goierrin, kasu batetik 34ra igaro gara", esan du Iriartek, baina Urkulluk zehaztu du 1.000 proba egin dituztela bertan astelehenean eta asteartean, eta 19 positibo izan direla. Iriarteren iritziz, "19 zein 34, adi egon behar gara".

Iturgaizek gaitzetsi duenez, urtarrilean iritsi ziren Munduko Osasun Erakundearen eta Europar Batasunaren txostenak, pandemia bazetorrela esanez: "Baina Sanchezek eta Iglesiasek egin zutenez, zuek ere ez zenuten ezer egin", esan du. "Arduragabetasuna izan da, Jaurlaritzaren aldetik ez da eraginkortasunik izan".

Gorrotxategiren esanetan, Urkulluk dio osasun-gastua Espainiako batezbestekoa baino handiagoa dela: "Baina nahiago dut Europako beste herrialdeei begiratu; alegia, BPGaren % 7 baliatzen dutenei", zehatu du.

Urkulluk Iturgaizi gogorarazi dionez, "pandemiaren unerik latzetan beste erkidego batzuetan laguntza eman dugu; hainbatetan, PP dago Gobernuan".

Joserra Becerraren iritziz, "akatsak izan direla ez badugu onartzen, ez da erraza izango osasun-sistema publikoa indartzea. Urkulluk aitortu beharko luke profesionalekin izandako komunikazioa ez dela nahikoa izan. Profesional asko kutsatu dira, eta, beste pandemia bat badago, langile horiek atera egingo gaituzte bertatik".

“Komunitate-osasuneko plana behar dugu; osasuna trantsizio ekologikoaren araberakoa da, baita etxebizitzaren kalitatearen araberakoa ere, dietaren edo errentaren araberakoa", esan du Mendiak. PSE-EEko lehendakarigaiaren ustez, "dena dago lotuta, eta akordio handiak egon behar dira".

Iriarteren iritziz, "osasun-langileek zer dioten entzun behar dugu. Diagnostikoa egin behar dugu, errepika ez dadin. Profesionalei baliabideak eman behar zaizkie, eta aurrerapausoak eman behar dira. Osasungintzan inbertitu behar dugu".

Puntu horretan, Iturgaizek gogora ekarri du Jon Darpon Osasun sailburuak dimisioa eman behar izan zuela, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoen auzia dela eta. Iñigo Urkulluk ez du erantzunik eman, Justizia auzia aztertzen ari baita.

BIDEOA | Hauteskunde-debatearen bigarren blokea: osasun-krisia

Gizarte-politikak

Gizarte politikak izan dituzte aztergai, jarraian, hautagaiek, hirugarren blokean. Miren Gorrotxategik esan duenez, kalitatezko zerbitzu publikoak izatea funtsezkoa da, "eta egoitzak pribatizatzeak zerbitzuaren kalitatea kaltetu du". Egoitzak, haren esanetan, "negozio bilakatu dira, enpresa batzuetarako. Egoitza-eredua aldatzea premiazkoa da".

Iriarteren iritziz, "zaintzak krisian zeuden, eta pandemiak kolapsoa ekarri du. 600 lagun hil dira egoitzetan. Langileek, emakumeak izan dira kasu askotan, profesionaltasun handia erakutsi dute; soldata txikiekin, lagun horiekin izan dira, bakarrean egon ez daitezen". EH Bilduren proposamena da egoitzak egokitzea, langileek soldata handiagoa izatea, erabiltzaileek egunero zuzeneko arretako bi ordu izatea, eta lurralde historikoen arteko desoreka amaitzea: "Gizarte-zerbitzuetako euskal sistema baten alde egiten dugu, jendeak jakin dezan nora joan, bizitzan zehar, zaintzaren bat behar duenean".

Iturgaizen iritziz, "adinekoak alde batera utzi ditugu, eta egoitzak berraztertu behar ditugu". PPko lehendakarigaiak, halaber, egotzi dio Urkulluri Espainiako Armadaren laguntzari uko egin ziola, egoitzak garbitzeko. EAJko hautagaia ez da eztabaidan sartu: "Gure baliabideak erabili genituen", esan dio.

Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategiren esanetan, premiazkoa da egoitza-eredua aldatzea: "Eredu publikoa behar dugu, lan-baldintza duinekin. Langileek, emakumeak dira gehienak, baldintza prekarioetan lan egiten dute. Egoitzetako langileak osasun-sistema publikoaren mendean geratu beharko lirateke".

Urkulluk azaldu duenez, legegintzaldiaren hasieran, "Euskal Kontseilu Sozio-sanitarioa" ezarri genuen. COVIDa iritsi aurretik, protokolo espezifikoa sortu genuen, Aldundiekin. Equo kenduta, hemengo alderdi guztiok kudeatu izan ditugu egoitzak, eta kudeaketa-eredua inoiz ez da zalantzan jarri. Orain egitea ez da bidezkoa. Hobera egin behar dugu, baina, lehen, inoiz ez zen proposatu eredua aldatzea. Harreman handiagoa bilatu behar da, lehen mailako arretaren eta egoitzen artean".

Maddalen Iriartek Urkulluri esan dionez, "ehunka lagun hil dira egoitzetan, eta egoitza pribatuetako kontrolik eza tamalgarria izan da. Kontrol hori Eusko Jaurlaritzak egin behar zuen, eta ez zuen beste alde batera begiratzerik". EAJko lehendakarigaiak erantzun dio egoitzetan Aldundiek dutela eskumena, eta Euskal Kontseilu Sozio-sanitarioa egon badagoela: "Euskadin, hildako guztiak kontuan izanik, egoitzetako heriotzak % 32 izan dira; Estatuan, % 70". "Horrek ez du balio herritarren bihotza arintzeko", adierazi dio Iriartek.

Puntu horretan, Joserra Becerrak Legebitzarrean hitz egin zuen egoitza bateko langilearen testigantza ekarri du gogora; Equo Berdeakeko lehendakarigaiak esan duenez, "ezin gara bueltatu normaltasun zaharrera. Proposatzen dugu akordio bat, baliabideak hobetzeko, Jaurlaritzaren esku dauden egoitzetan".

Mendiak jarraian esan duenez, pandemia honek gauza asko aldarazi ditu, "eta aukera baliatu behar dugu, eraldatzeko. EAEko gizartea zaharkituta izango da. Nire asmoa da Euskadiko adineko guztiek askatasuna izatea nahi duten tokian bizitzeko, egoitza batean edo euren etxean. Horretarako, laguntza-sistema eman behar diegu, eta sistema sozio-sanitarioak zaindu egin behar ditu". "Bakardadearen aurkako plana egin behar dugu. Bi erronka handi daude: Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Legearen erreforma, eta zerbitzuen dekretua".

Urkulluk esan du Euskadik programa espezifikoa duela, Euskadi Lagunkoia hain zuzen ere, eta etorkizuna zahartze aktiboa dela.

Gorrotxategik Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren balioa nabarmendu du, eta gogora ekarri du ez duela alderdi batek sortu, herri-ekimena izan baitzen; denborak aurrera jo ahala, baina, pobrezia-egoeran dauden herritarren beharrak babesteko Errenta horren gaitasuna gero eta txikiagoa izan da: "Pobreak diren herenak ez dute jasotzen Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, eta, jasotzen dutenen artean, ia erdia ez da pobreziatik irteten".

PP+Cs koalizioko Iturgaizek esan duenez, "guk laguntzei baiezkoa ematen diegu; baina abusuei, ezezkoa". Horregatik, proposatu du oinatz digitala egon dadila, iruzurrik ez egoteko, eta lur honetan kotizatu dutenak eta egun txarto pasatzen ari direnak ez geratzea Errentarik jaso gabe.

Urkullu harrituta agertu da Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak jasotako gaitzespenekin: "Ez dakit nondik ateratzen duzuen ez daudela guztien eskura", esan die gainerako hautagaiei. Becerrak eratzun dio baldintzak mugatuta daudela, eta Iturgaizek proposatu du pentsio txikienak osatzea, bai eta autonomoentzako laguntzak ere, Euskadin Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak ekarritako aurreztearekin.

BIDEOA | Hauteskunde-debatearen hirugarren blokea: gizarte-politikak

Ingurumena

Laugarren blokean, hautagaiek ingurumena izan dute aztergai, eta Carlos Iturgaiz hasi da hizketan: "Ezin dugu ahaztu lur honetan azken hamarkadetan izandako ingurumen-krisirik larriena: Zaldibar", esan du, biktimak eta horien senideak gogora ekarri aurretik. "Europar Batasunak esana du zabortegi horretan ez zegoen Europa mailako ingurumen-neurririk, eta Ertzaintzak, bere txostenetan, zehaztuta du zantzu kriminalak zeudela", gehitu du.

Iriarteren esanetan, Zaldibarko luiziak eredu bat suntsitu du: "Agerian geratu dira kontrolik eza eta interes ekonomiko pribatuak. Premiazkoa da eredua aldatzea herrialde honetan, ez dago geldi egoterik klima-aldaketaren aurrean. Ez dugu behar bezalako ahalmenik arazoari heltzeko, CO2ko isurpenak Estatuko altuenak dira eta Estatuan baino energia berriztagarri gutxiago sortzen dugu. Aurrera egiteko garaia da; EH Bilduren konpromisoa da zabortegien kontrola eta kudeaketa zuzena erakundeen gain geratzea, zaborra ezin baita negozioa izan. Subillako gas-erauzketa bertan behera utzi behar da, petrolioa eta gasa ez dira alternatiba, eta Abiadura Handiko Trenean eta Trenbide Hego Saihesbidean luzamendua eskatu nahi dugu.

Miren Gorrotxategik gogora ekarri duenez, "zientzialariak esaten ari dira pandemiak eta klima-krisiak jatorri bera dutela: planeta suntsitzen ari den ekoizpen- eta kontsumo-sistema bat, hain zuzen ere. Gobernuak ahulak dira indartsuenak direnekin, hau da, kutsatzen duten eta ingurumen-krimenak egiten dituzten enpresa handiekin. Gobernuak ahulak dira ez baitira ausartzen. Eta kargu politikoetatik Petronor bezalako enpresetako administrazio-kontseiluetara pasatzeak ez du laguntzen", gaitzetsi du.

Mendiaren iritziz, "legegintzaldi honetan, aurrerapenak lortu ditugu: Garoñaren itxiera, frackinga Euskadin debekatzen duen legea, klima-larrialdiaren adierazpena egin dugu, eta ekonomia zirkularreko estrategia ere badugu. Hori abiapuntu, klima-aldaketaren legea onartu behar dugu, baita natura-ondarekoa eta natura-administraziokoa ere, eta karbonorako zerga proposatu behar dugu".

Joserra Becerraren hitzetan, lidergorik eza dago kontu honetan: "Hainbat proposamen daude, baina ez dugu aurrera egin. Egin dezagun adituek diotena, eta joan gaitezen hitzetatik ekintzetara. Gazteek urtebete daramate eskatzen", esan du. "Berreskura ditzagun hiriak herritarrentzat, bizikletarako; garatu ditzagun energia berriztagarriak, eta herritarren esku utz ditzagun. Hondakinak birzikla ditzagun, zabortegiak eta erraustegiak 2030ean itxi ahal izateko, eta enplegua eta industrietarako aberastasuna sortzeko".

Iñigo Urkulluk esan duenez, Euskadik bat egin du Nazio Batuen 2030 Agendarekin: "Nik neuk parte hartu nuen, 2015ean, Parisko COP21ean", gogorarazi du. EAJko lehendakarigaiaren hitzetan, "helburu argiak ditugu: 2005eko datuekin alderatuta, berotegi-efektuko gasak % 30 murriztea, eta % 21 murriztu ditugu jada. Halaber, proposamena da berriztagarriak Euskadiko energia-kontsumoaren % 20 izatea".

Iturgaizen iritziz, "Zaldibarrek erakutsi du Urkulluren kudeaketa oso txarra izan dela. Egin beharreko ikuskapenak ez ziren egiten; EAJk isiltasun-legea ezarri du. Langileek ere esaten zuten baldintzak ez zirela betetzen. Zabortegi horretan, hondakin hilgarri eta minbizi-sortzaileak zeuden, Europar Batasunaren arabera", salatu du, eta Idoia Mendiak erantzun dio: "Horregatik esan du Justiziak zantzu kriminalak daudela, enpresaren aldetik". Maddalen Iriartek, puntu horretan, esan dio Mendiari hori "kontrolatu" beharra dagoela.

PSE-EEko lehendakarigaiak nabarmendu duenez, "hau", alegia, Zaldibarkoa, "inork ez zuen aurreikusten. EBk arau batzuk agintzen ditu, eta bete egiten dira; nahikoak ez badira, argi dago egiteko lana dugula, denok: Jaurlaritzak, eta Legebiltzarrean gauden guztiok".

Maddalen Iriartek, aldiz, esan dio Mendiari PSE-EEk ez duela zilegitasunik "klima-aldaketaren aurkako borrokan liderrak" izango direla esateko. "Ekonomia zirkularra duzue hizpide, eta erraustegi batean amaitzen den ekonomia zirkularra da", adierazi du.

Iñigo Urkulluk azaldu du Euskadik gasa kontsumitzen duela berokuntza-sistema osoan: "Karbonoaren eta petrolioaren erabileraren murrizteka apustua izan zen”. Halaber, "gure lurraldean zenbat gas dagoen aztertzeko aukera dugu. Euskadik kontsumitzen duen gas naturala ustiatuko bagenu, karbono-aztarna murriztuko genuke, eta Euskaditik planetako beste puntu batzuetara eramaten diren 1,3 milioi tona gasen kontsumoa saihestuko genuke. Gasa, guretzat, trantsizio-energia da. Hortik aurrera, energia berriztagarrien alde egiten dugu".

Joserra Becerrak, bere aldetik, "erraustegi batek euskal zabortegiak iraunarazten dituela" esan du: "Erraustea hondakinen aberastasuna erretzea da; eta isurtzea, aberastasun hori lurperatzea. Gasaren erabilera behera doa", gogorarazi dio Urkulluri.

BIDEOA | Hauteskunde-debatearen laugarren blokea: ingurumena

Autogobernua

Bosgarren eta azken blokean, lehendakarigaiek autogobernuaz hitz egin dute. Idoia Mendiak, PSE-EEren aldetik, nabarmendu du sozialisten apustua dela "guztiontzako lekua dagoen herrialde bat; parekoena eta anitza den Euskadi bat. Estatutuak ahalbidetzen du, eta euskal herritar gehienen topagunea da. Jarrai dezagun autogobernua garatzen adostasunaren bidetik. Jaurlaritzan bagaude, ez dugu desegingo horrenbeste urtetan egindakoa".

Quebeceko eredua da Elkarrekin Podemos-IUko apustua, Miren Gorrotxategiren esanetan: "Eskoziak, erreferendumerako, eredu hori hartu zuen abiapuntu. Zilegitasun juridikoak eta demokratikoak biltzen ditu, eta zehazten du edozein kontuk, erreferendum batean, izan behar dituela galdera argia, gehiengo argia, eta aldebikotasuna oinarri".

Maddalen Iriarteren iritziz, "herrialde hau XXI. mendearen mailan jarri behar dugu, erronketarako erantzun berriak topatu behar ditugu. Subiranotasuna behar dugu, ez apeta izateagatik, baizik eta behar dugulako, aurretik esandako politika guztiak ezartze aldera. Eta dugun autogobernua, pandemian eta Katalunian 155. artikuluarekin ikusi denez, jarri eta kendu ahal dute. Herrialde honetako gehiengoaren ustez, erabakitzeko eskubidea dugu, eta guk ere horren alde egiten dugu. Estatuarekiko harremana berdinetik berdinera izan behar da, kontzertu politiko batekin. Estatuak ezin du esku-sartzerik egin.

"Inork ez du zalantzarik, argi dago PP+Cs non dagoen", adierazi du Iturgaizek. "Legezko markoaren alde egiten dugu, Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatutua. EAJk, hauteskundeetan, moderatuaren maskara jartzen du, baina EH Bildurekin Estatutua ari da egiten; udazkenean aterako du, lehen mailako eta bigarren mailako euskal herritarrak egiteko, abertzaleek erosotasuna izan dezaten eta abertzaleak ez direnek, aldiz, deserosotasuna”.

Urkulluk zehaztu duenez, "gure autogobernua, COVIDaren lehen astinduari aurre egiteko, oinarria izan da. Autogobernua da zerbitzu publikoak eta bizitza-kalitatea. Euskadi aurrera eramateko baliabideak ematen dizkigu. Nire lan-lerroa da Gernikako Estatua betezea. Estatu berria dugu hizpide, baina Gernikakoa bete nahi dut. Hiru eskumen jaso berri ditugu, baina 29 geratzen dira. Eta, halaber, aldebikotasuna aldeztu nahi dut, eta birzentralizazioa saihestu. Autogobernua itun sozial eta politikoa da, eta bermeak izan behar ditu", esan du.

Becerraren ustez, arazo globalek partekatutako gobernantzak eskatzen dituzte, "Gobernuek eta erakundeek elkarlanean lan egin dezaten, ez leihatzeko euren artean". Equo Berdeakek, testuinguru horretan, ez dute txarto ikusten Euskadin Estatutu berria egotea, "baina 1979ko Estatutua baino zabalagoa, pluralagoa eta inklusiboagoa den bizikidetza-ituna behar dugu". Becerrak esan duenez, "gizarte anitza nahi dugu; sentimenduak desberdinak izan daitezke, baina elkarrekin bizi behar dira, eta gizarteak memoria izan behar du. Gizarte berdea, feminista, solidarioa; garbiak eta klientelismorik gabekoak diren erakundeekin. Oinarri horiekin, eta legezko bide baten bidez, prest gaude".

"Estatutuak denona izan behar du", zehaztu du Mendiak, "denok sentitu behar gara islatuta. Abertzaleek, estatutu-markoa egiteko bildu diren bakoitzean, porrot egin dute. Baina Gernika garaitu zen. Itun hori berritzean, Estatutuak zabala izan behar du, eta bideragarria; euskal gizarteak ziurtasunak behar ditu, ez liskarrak".

BIDEOA | Hauteskunde-debatearen bosgarren blokea: autogobernua

Balizko itunak

Debateko blokeak amaituta, hautagaiek aukera izan dute zehazteko zeintzuk diren hauteskundeen osteko itunen gaineko euren asmoak. Joserra Becerraren iritziz, beharrezkoa da betiko blokeak gainditzea: "Kanpainan ikusi dugu berdin jarraitzen dutela. PSE-EE EAJren gerizpean dago, eta Elkarrekin Podemos-IU, EH Bilduren mendean. Gure apustua da eraikitze Gobernu bakarra egotea. Elkarrizketa horretarako prest gaude", esan du.

Mendiak esan du itunetan kontua ez dela soilik zenbakia, "balio sinbolikoa ere" badagoela. Adierazi duenez, "hautagairik bozkatuena banaiz, hilaren 13an elkarrizketa sozialeko mahaiarekin hitz egingo dut, baita sindikatu eta enpresariekin ere, eta euskal erakunde guztiekin, aztertzeko zein izan behar den ondorengo urteotarako bide-orria. Gerora, alderdi guztiei deituko diet, Euskadiko berreraikitzea adosteko. Eta bozkatuena ez banaiz, gehiengoaren aldeko politikak adosteko jarriko ditut nire boto eta aulkiak". Azpimarratu duenez, "ez gara haustura-proiektuetan egongo, ziurtasunetako proiektuetan baizik".

Iturgaizen iritziz, gainerako alderdi guztiak "bazkideak" dira, eta EAJrekin ituna egiteko irrikan daude: "PSE-EEk eta EAJk esana dute ituna egingo dutela, prebendak eta txosna ofizialak banatzeko; EAJk eta Elkarrekin Podemosek Aurrekontuak adostu zituzten; eta EH Bilduk Estatutu subiranista du hizpide, ea tiraderatik ateratzerik duen. Erregimen nazionalistarako alternatiba bakarra, nazionalismoa beharrezkoa izan ez dadin, geu gara", nabarmendu du.

Gorrotxategik adierazi du itunak "indar guztiekin" egin behar direla: "Politika desberdinen artean adostea da. Baina, Gobernua osatzeko, oso argiak izan gara hasieratik: gure proposamena da ezkerreko ituna egitea", berretsi du.

Maddalen Iriarte hasi da esaten ez duela uste Mendia lehendakari egiteko aukera izango duenik: "Nolanahi ere, Mendiak gizartea hobetzeko politika publiko sendoak proposatuz gero, eta politika horiek gauzatzeko ituna egiteko aukera izango bagenu, benetan aztertuko nuke. Kontua ez da 'norekin', baizik eta 'zer'", nabarmendu du. "Jendeak behar duena adosteko gai bagara, ni guztiekin izango nintzateke prest, beharrezko erantzunak emateko eta 20-30 urte barruko herrialdean pentsatzeko".

Azkenik, Iñigo Urkulluk esan du herritarrek jakin behar dutela "Euskadik Gobernu sendoa behar duela; urte latzak datoz, lan handikoak, eta norabidea argia izan behar da. Gure erakunde-sistemak egonkortasuna bermatzen du, eta alderdi guztiekin egin izan ditugu akordioak. Nire helburua da Gobernu sendoa finkatzea, egonkortasun handienarekin, euskal erakundeak etengabeko zaratatik urruntzeko. Gauza daitekeen ituna bilatuko dugu, sendoa den itun bat".

BIDEOA | Norekin egingo lukete ituna? Hautagaiek erantzun dute

Amaitzeko, hautagaiek "Urrezko minutua" izan dute, hautesleei botoa eskatzeko. Hau da orduan esan dutena:

BIDEOA | Iñigo Urkulluren 'Urrezko minutua'

BIDEOA | Maddalen Iriarteren 'Urrezko minutua'

BIDEOA | Miren Gorrotxategiren 'Urrezko minutua'

BIDEOA | Carlos Iturgaizen 'Urrezko minutua'

BIDEOA | Idoia Mendiaren 'Urrezko minutua'

BIDEOA | Joserra Becerraren 'Urrezko minutua'

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena