EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Kanpainaren amaiera

Hauteskunde kanpainaren azken orduak

Bihar, hausnarketa eguna, urtebete beteko da ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuela.

Patxi Lopez (PSE-EE), Iñigo Urkullu (EAJ), Antonio Basagoiti (PP), Laura Mintegi (EH Bildu), Raquel Modubar (EB-Berdeak) eta Gorka Maneiro (UPyD)
Patxi Lopez (PSE-EE), Iñigo Urkullu (EAJ), Antonio Basagoiti (PP), Laura Mintegi (EH Bildu), Raquel Modubar (EB-Berdeak) eta Gorka Maneiro (UPyD)

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal alderdiek amaiera emango diote gaur gauerdian krisia, autodeterminazioa eta Estatu eredua oinarri izan dituen hauteskunde kanpainari. Igandean, 1.775.291 hauteslek zita dute hauteslekuekin.

Biharko hausnarketa eguna efemeride historiko batekin batera etorriko da. Izan ere, bihar urtebete beteko da ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuela.

Hauteskunde guztietan egin bezalak, EAJk Bilboko La Casilla pabiloian emango dio amaiera kanpainari, 20:00etan. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakarigaia izango da bertan. Goizean, Joseba Egibar eta Xabier Agirre Gipuzkoako eta Arabako zerrendaburuek adierazpenak egingo dituzte Donostian eta Gasteizen.

Patxi Lopez PSE-EEren lehendakarigaiak Gasteizen emango du egun osoa. Goizean hainbat sindikaturekin batzartuko da, arratsaldeko lehen orduan ekitaldi politikoa eskainiko du Zaramagan, eta kanpaina Forondako Atean amaituko du. Bertan, loreak utziko ditu terrorismoaren biktimen omenezko monolitoan.

PPk Gasteizko Sansomendi kiroldegian egingo du azken ekitaldia, Antonio Basagoiti lehendakarigaiarekin eta Maria Dolores de Cospedal PP nazionaleko idazkari nagusiarekin. Goizean, hautagaia Javier Arenas PPko Lurralde idazkariordearekin izango da, Barakaldoko BECen, 'Nagusi' azoka bisitatzen.

EH Bildu Donostiako Konstituzio plazan izango da, 19:00etan. Laura Mintegi eta Xabier Isasi izango dira bertan. Goizean, lehendakarigaiak prentsaurrekoa eskainiko du, Gipuzkoako hiriburuan.

Ezker Batuak agerraldia egingo du 11:00etan, hiru zerrendaburuekin (Raquel Modubar, Jose Navas eta Alba Gutierrez), eta kanpaina hasi zuen leku berean emango dio amaiera: Bilboko Moyua plaza. Bertan, murrizketen aurkako protesta egingo dute, 20:15ean.

Gorka Maneiro UPyDren lehendakarigaia Rosa Diez bozeramaile nazionalarekin izango da, Gasteizen. 11:00etan prentsaurrekoa eskainiko dute, eta 19:00 kanpaina amaitzeko mitina, Arka plazan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea