EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
U-21
Gobernu berria osatzeko ibilbideari ekin dio EAJk
Urkulluk Rajoyrekin, Rubalcabarekin eta Masekin hitz egin du dagoeneko. Mintegirekin, Lopezekin eta Basagoitirekin harremanetan jarri da, krisiaren aurkako itun bat adostea helburu.
Erredakzioa
Boto-emaileek dagoeneko erabaki dute Eusko Legebiltzarraren osaera, eta orain emaitzak interpretatzea eta negoziazioak abiatzea dagokie alderdiei.
Hori horrela, EAJren Euzkadi Buru Batzarra (EBB) arratsaldean bildu da, astelehen guztietan bezala, hauteskundeen emaitzak aztertzeko.
Bileran, baina, ez dira EAJren hurrengo presidenteari buruz hitz egiten hasi (Iñigo Urkulluk kargua utzi beharko du lehendakari bihurtzen denean, bi karguak bateraezinak baitira, alderdiaren estatutuen arabera).
Bien bitartean, hurrengo lehendakariak hainbat buruzagirekin hitz egin du dagoeneko: Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin, Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentearekin eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin.
Halaber, iragarri bezala, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten hautagaiekin ere harremanetan jarri da, hots, Laura Mintegirekin (EH Bildu), Patxi Lopezekin (PSE-EE), Antonio Basagoitirekin (PP) eta Gorka Maneirorekin (UPyD), krisiaren aurkako itun bat adostea helburu.
Buruzagi jeltzaleak Gobernua nola osatu erabaki behar du. Bi aukera ditu, gutxiengoan gobernatu, unean-uneko babesekin, edo EH Bildurekin edo PSE-EErekin akordioa bilatu. Atzo, emaitzak ezagutu eta gero, Urkulluk ez zuen ezer baztertu, eta bide guztiak irekita daudela esan zuen.
Patxi Lopez jarduneko lehendakariak (PSE-EE) alderdiaren zuzendaritza bildu du arratsaldean, Bilbon, emaitzak aztertzeko.
Dena dela, ez du agerraldi publikorik egin eta baliteke bihar agertzea hedabideen aurrean.
Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak "akordio zabalak" lortzearen alde egin du, eta koalizio abertzaleak "erabakitzeko eskubidea" eta "Madrilen inposaketak ez jarraitzea" defendatuko duela adierazi du.
Mintegik iragarri duenez, aurki Iñigo Urkullurekin batzartuko da, baina ez du ezer zehaztu nahi izan balizko itunen harira, hauteskundeen irabazleari baitagokio aurrea hartzea.
PPk ere gaur aztertu ditu hauteskundeen emaitzak, baina Madrilen, Mariano Rajoyk Batzorde Nazionala deitu baitu 17:00etarako, Genova kaleko egoitza nagusian. PPk Euskadiko zein Galiziako hauteskundeak aztertu ditu bertan.
Antonio Basagoitiren alderdiak atzera egin du, hiru eserleku galdu baititu (13tik 10era jaitsi da), baina, Galizian, PPk indartu egin du gehiengo osoa. Gaur bertan, dimisioa ematea pentsatu duela aitortu du Basagoitik. Hala ere, EAEko PPk asteartean aztertuko ditu hauteskundeetako emaitzak, Bilbon egingo duen bilera berezian.
Ordu batzuk geroago, Euskadiko PPko presidenteak azaldu duenez, "ihes ez dut egingo", Euskadiko hauteskundeen ostean. Bere alderdiak boto gutxiago izan ditu, eta hiru aulki galdu ditu. Halaber, argi utzi du honako hau: "Popularren liderra izatea ohore bat da, baina ez pribilegio bat, asko arriskatzen delako".
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkideak ez du deialdirik iragarri gaurko, baina Rosa Diez alderdiko bozeramaileak Hitlerrekin parekatu du EH Bildu.
Hauteslekuek utzitako zalantzetako bat ezker federalistaren etorkizuna da. Izan ere, Ezker Batua eta Ezker Anitza (aldez aurretik alderdi bakarra ziren) Legebiltzarretik kanpo geratu dira.
Mikel Arana Ezker Anitzako koordinatzaile nagusiak dimisioa aurkeztu du bart, eta alderdiak ez du agerraldirik deitu gaurko. Ezker Batuaren aldetik, Raquel Modubar hautagaiak prentsaurrekoa eskaini du, emaitzak baloratzeko, eta alderdi barruan ez dela dimisiorik izango aurreratu du, "erantzukizuna partekatua" baita.
Buruzagi ezkertiarrak salatu duenez, "hedabide gehienak aurka" izan dituzte hauteskunde kanpainan, eta, gainera, "baliabide ekonomiko eta material eskasak" izan dituzte. Etorkizunari begira, ezkerreko alderdiekin "zubiak eraikitzea" izango dutela helburu nabarmendu du.