Albisteak -
Debatea ETB-n
Erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida nagusitu da debatean
Azpiegitura estrategikoen inguruaren ere eztabaida sutsua izan dute EAJk eta PPk EH Bilduko hautagaiarekin.
Erredakzioa
EAJk eta EH Bilduk Europar Batasunean euskal herritarren erabakitzeko eskubidea defendatzeko konpromisoa agertu dute, eta PSE-EE eta PP horren kontra agertu dira, eskari horrek EBn tokirik ez duelakoan.
Alderdi horiez gain, UPyDk eta Ezker Anitza-IUk ere parte hartu dute bart ETB2n, Radio Euskadin eta eitb.com-en zuzenean jarraitu ahal izan den debatean.
Euskal hautagaien lehenengo debatean hautagai hauek hartu dute parte: Izaskun Bilbao (EAJ), Josu Juaristi (EH Bildu), Eider Gardiazabal (PSE-EE), Carlos Iturgaiz (PP), Manu Aguirre (UPyD) eta Iñigo Martinez (Ezker Anitza-IU).
Bost gai nagusiren inguruan egin dute eztabaida: politika ekonomikoak, gizarte gaiak, EBrako eredua, atzerri gaiak eta estatuek eta nazionalitateek Europar Batasunean duten lekua.
Azken gai horren harira, Bilbaok esan du Espainiako Estatuak ez diela Euskal Herriaren eta Kataluniaren auziei aurre egin nahi, eta subiranotasun eskarientzako irtenbidea Europar Batasunean bilatu beharra dagoela gaineratu du.
Eskari horren aurrean PPk eta PSE-EEk "beldurraren diskurtsoa" egiten dutela salatu du EAJren hautagaiak, eta "muga bakarra Espainiako Estatuak duen langabezia tasa" dela azpimarratu du.
Juaristik Euskal Herria independentea aldarrikatu du Europan, eta herritarren gehiengoak hala nahi izango balu, EBk babestu egin beharko lukeela, Eskoziaren kasuan bezalaxe.
EH Bilduren zerrendaburuaren arabera, EBko itunek ez dute aukera hori baztertzen. "Beste gauza bat da Espainiako Estatuak 'lobby' gisa jokatzen duela", kritikatu du Juaristik.
Gardiazabal (PSE-EE) erabakitzeko eskubidearen inguruan eztabaidatzearen alde agertu da, "baina kanpaina autonomikoetan, hori ez baitagokio Europari".
"Jendeak krisiaren eta enpleguaren arazoa konpondu nahi du", adierazi du ordezkari sozialistak, Euskal Herria eta Katalunia independizatuko balira EBtik kanpo geratuko liratekeela ohartarazi aurretik.
"Euskadik dirua jaso du Espainiaren barruan egoteagatik", erantzun dio Gardiazabalek Juaristiri, hautagai abertzaleak Europatik diru askorik ez dutela jaso azpimarratu ostean.
Iturgaizek ere EBtik kanpo kokatu du Euskal Herria, independentzia lortuz gero: "Mugekin eta bisekin, eta erasmus bekarik eta Europako diru funtsik gabe".
"Ez du PPk esaten, erakunde europarrek eta itunek baizik", ohartarazi du PPren hautagaiak.
Manu Aguirrek gogor kritikatu ditu abertzaleak "Erdi Arora eta Bizkaiko Jaurerrira" itzuli nahi dutelakoan. "Atzerapen feudala da", adierazi du UPyDren hautagaiak independentzia lortzeko asmoen inguruan.
Ezker Anitza-IUri dagokionez, Martinezek babestu egin du erabakitzeko eskubidea, "baina gai guztietarako, baita eredu sozial eta ekonomikoa aukeratzeko ere".
Ekonomia
Ekonomia alorrean, PSE-EEren hautagaiak esan du "espekulazioaren eta hersturaren ereduak" baztertu egin behar direla, eta gizarte politiketan ez dela murrizketarik egin behar, "horixe baita kontuak berdintzeko kalte gehien jasan duena".
EAJk eta PPk Abiadura Handiko Trenaren proiektua behin betiko amaitzea eskatu dute, baina EH Bildu kontra agertu zaie, "eredu espainiarrak porrot egin duelako, garraioan ere".
Bake prozesua
Bake prozesua hizpide hartuta, EH Bilduren hautagaiak esan du "lehen lerroan" jarriko duela gaia, eta EBren "inplikazio handiagoa" eskatuko duela elkarbizitza sustatzeko.
PPk eta UPyDk salatu dute EH Bilduk gai hori jarri nahi duela mahai gainean Europan, ETA gaitzetsi gabe ere.
Debateak iraun duen ordu eta erdian beste gai batzuk ere agertu dira, immigrazioarena tarteko. Puntu horretan, Juaristik esan du immigranteak "benetako genozidioa" jasaten ari direla Mediterraneoan, Europan sartzen saiatzen direnean.
Debatea amaitzeko, sei hautagaiek babesa agertu diete Boko Hamram taldeak Nigerian bahitu dituzten neskatoei.
Hurrengo debatea euskaraz izango da, ETB1en (Euskadi Irratian eta eitb.com-en ere jarraitu ahal izango da), hilaren 22an, kanpaina ixteko bezperan.