Hauteskunde Orokorrak -

KANPAINA

Kanpainako azken orduotan, alderdi guztiak boto eske

Azken txanpan sartu da hauteskunde kanpaina: gaur gauerdira arteko epea dute alderdiek, igandeko hauteskundeei begirako  mezuak herritarrei helarazteko.

Podemos-Ahal Dugu Madrilerako maletak prestatzen

0:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ

Joseba Egibar GBBko presidentea eta Joseba Agirretxea EAJren Kongresurako hautagaia elkarrekin agertu dira Donostian, Miramar Jauregian egin duten kanpaina-ekitaldian. Egibarrek nabarmendu duenez, Estatuak ez ditu bere baitako nazioak aitortzen eta elkarrizketarako atea itxita du. Horren aurrean, euskaldunen ahotsa Estatuan entzuteko aukera EAJk eskaintzen duela adierazi du.

Jeltzaleen ekitaldian izan dira, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea.

Azken 35 urteotan, Egibarrek esan duenez, EAJk defendatu du euskaldunen ahotsa Madrilgo Kongresuan. Euskal erakundeen borondatea ere, jeltzaleek eraman dute Kongresura, buruzagi jeltzalearen arabera. Estatutuarekin egin zuten bezala, datorren urteotan marraztuko duten estatus politiko berria ere, EAJk defendatuko duela ziurtatu du.

EH Bildu

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren Kongresurako hautagaiak (Gipuzkoa) koalizioak Bilbon egin duen kanpaina-ekitaldian hartu du parte. Euskal Herriaren subiranotasunaren aldeko boto bakar batek ere igandean ezin duela etxean geratu esan du Beitialarrangoitiak. "Igandean asko dago jokoan. Igandean aro berri bati ekingo diogu. Zenbat eta boto gehiago izan, indar gehiagorekin ekingo subiranotasunaren aldeko bideari", esan du.

Kanpainan zehar "milaka militantek" egindako lana eskertu du ezker abertzaleko hautagaiak. Haren hitzetan, igandean herria erabakitzeko eskubidearen dagoela argi geratuko da. "Askatasunerako bidaia" abiatuko dela gaineratu du.

"Subiranotasunak irabaziko du igandean, erabakiak. Euskal herritarrek, EH Bilduk, irabaziko du, asko garelako eta gehiago izango garelako", nabarmendu du.

PSE-EEPatxi Lopez PSEren Kongresurako hautagaiak (Bizkaia) Podemos izan du hizpide, Ermuan egin duen agerraldian, besteak beste.  Lopezen hitzetan, Podemos "guztiz marxista da, Groucho Marxena". Komiko estatubatuarrak erabiltzen zuen esaldi bat ekarri du gogora buruzagi sozialistak Podemos definitzeko: "Hauek dira nire printzipioak, baina gustuko ez badituzue, beste batzuk ere baditut".

Podemosek, besteak beste, oinarrizko errentari, zor publikoari edota NATOri buruzko  proposamenak aldatu egin dituela nabarmendu du Lopezek. "Zaharrak garela diote, kasta deitzen digute, ez dugula sinesgarritasunik, baina orain eurek defendatzen dutena da guk gobernuan egon ginenean egin genuena", gaineratu du.

PP

Bilbo aukeratu dute Bizkaiko popularrek gaur goizeko kanpaina-ekitaldirako. Leopoldo Barreda PPren Kongresurako hautagai bizkaitarrak, modu sinbolikoan, gutuna igorri die Errege Magoei, Bizkairako hainbat eskarirekin. Besteak beste, Kontzertu Ekonomikoa PFEZa (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) eta Sozietateen Zerga jaisteko erabiltzea eskatu du, "Espainiako gainerako lekuetan egiten den bezala". "Mariano Rajoyk ezarritako zerga jaitsierak bizkaitar guztiengana iristea nahi dugu, batez ere, egoera zailena dutenengana", esan du. Horregatik, gutunean, Errege Magoei Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitz egiteko eskatu die Barredak, Kontzertu Ekonomikoa PFEZa eta Sozietateen gaineko Zerga murrizteko erabil dezatela eskatuz.

Podemos-Ahal Dugu

Juantxo Lopez de Uralde Podemosen Kongresurako hautagai arabarrak alderdi honek kanpainan zehar Araban izan duen "gorakada" nabarmendu du. Haren hitzetan, Podemos-Ahal Duguk "ezustekoa" emango du igandean, eta Araban garaile ateratzea ez du baztertzen.

Gasteizen egin du goizean kanpaina-ekitaldia Podemosek. Bertan izan da dira, besteak beste, Florent Marcellesi Europako Parlamentuko Udaberri Europarra taldeko ordezkaria eta Lluvia Rojo aktorea. Gasteizko tren-geltokian egin duten ekitaldian, Kongresurako bidaia bat irudikatu dute, maleta eta guzti.

Kazetarien aurrean egin dituen adierazpenetan, Lopez de Uraldek adierazi du herritarren babesa, kalean eta sare sozialetan, handitu egin dela nabaritu dutela azken egunotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Alderdi Popularra Hauteskunde orokorrak Alderdi politikoak berriak EH Bildu Araba PSE-EE Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Podemos albisteak