Hauteskunde Orokorrak -

A28

Euskal hautagaiek botoa ematera joateko eskatu dute

Kazetariei egindako adierazpenetan, hautagai guztiek botoa ematearen garrantzia azpimarratu dute, hauteskunde hauek "ezin garrantzitsuagoak" direla nabarmenduz.

Roberto Uriartek Bilboko Alde Zaharreko eskola batean eman du botoa. Argazkia: EFE.
Roberto Uriartek Bilboko Alde Zaharreko eskola batean eman du botoa.
Boza ematearen garrantzia azpimarratu dute EAEko eta Nafarroako hautagaiek

1:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELKARREKIN PODEMOS

Roberto Uriarte Elkarrekin Podemoseko Kongresurako Bizkaiko hautagaiak Bilbon eman du botoa eta "askatasuna, mundu justu eta solidarioago bat ahalbidetuko duten erabakiak hartzea" dela esan du.

Alde Zaharreko bere hauteslekuan botoa eman eta gero, botoa emateko deia egin die herritarrei.

Kazetariei emandako adierazpenetan, Albert Camus filosofoaren hitzak gogoratu nahi izan ditu: "askatasuna ez da aukeratzeko aukera izatea bakarrik, edozein aukera egitekoa, baizik eta mundu justu eta solidarioago bat ahalbidetuko duten erabakiak hartzea ere bada".

EAJ

"Igande honetan Euskadik ez du Espainiako Gobernuko presidentea aukeratzen, Madrilen izango dituen ordezkariak baizik" esan du gaur Aitor Esteban EAJren Kongresurako Bizkaiko buruak: "Hau da botoa emateko gakoa: gure kezkak Madrilera nork eramango dituzten erabaki behar dugu".

Zeberion eman du botoa Itxaso Atutxa Bizkaiko EAJko presidentearekin batera.

Parte-hartzea altua izatea espero duela esan du Estabanek, hauteskunde hauek "beti izan baitira garrantzitsuak Euskadirentzako, baina egungo testuinguruan are gehiago" gaineratu du.

Aito Esteban

Kongresurako hautagaiak ez du argitu nahi izan nork nahiago duen irabaztea, "EAJk irabaztea gustatuko litzaidake, ez beste inork" esan du: "EAJk erakutsi du badakiela politika egiten, bai bere botoak behar direnean baita behar ez direnean ere".

PSE

Patxi Lopez PSEren Kongresurako Bizkaiko hautagaiak Portugaleten, Santa Clara kultur zentroan eman du botoa, emaztearekin batera. Eurekin zen Mikel Torres Portugaleteko alkate eta PSE-EEren Bizkaiko idazkari nagusia ere.

Patxi Lopez botoa ematen

"Guztiok kontziente gara zer dagoen jokoan hauteskunde hauetan" esan du Lopezek eta hori buruan izanda, botoa ematera joateko eskatu die herritarri "bihar damutu behar izan ez gaitezen".

EH BILDU

Bel Pozueta EH Bilduren Kongresurako Nafarroako hautagaiak Altsasun eman du botoa eta Nafarroako zein Espainiako eskuinari "irribarrea kentzeko eguna iritsi" dela esan du.

"Iritsi da espero genuen eguna, eskuinari aurre egingo diogun eguna, EH Bilduren botoarekin" esan die zain zituen kazetariei. Gaurko egunez "eskerrak ematea tokatzen" dela gaineratu du: "herriz herri, auzoz auzo, EH Bilduren alde lanean aritu dien guztiei eta beste garai batzuetan beste alderdi batzuei botoa eman dieten arren, oraingoan euren babesa agertu didaten horiei".

Bel Pozueta

"EH Bilduri botoa ematea da eskuinari aurre egiteko bide bakarra" hausnartu du Pozuetak eta "zalantzan dagoen eskainua" bereganatu eta "injustizien ahotsa Madrilera" eramango dutela gaineratu du, defentsa feminista eta erabakitzeko eskubidearekin batera.

PP

Javier Maroto PPren Kongresurako Arabako hautagai nagusiak ere boto-eskubidea egikaritzera animatu ditu hautesleak, San Prudentzio eguna ospatzea eta botoa ematera joatea, biak, eginez. "Espainian aldaketa politikoa eragiteko" eskatu die botoa Marotok.

Javier Maroto

Gasteizen eman du botoa Marotok, Iñaki Oyarzabal PPren Senaturako Arabako hautagaiak lagunduta.

Gaurko hauteskundeak "ezin garrantzitsuagoak" direla Espainia guztirako gaineratu du.

GEROA BAI

Koldo Martinez Geroa Bairen Kongresurako hautagaiak ere gaurko bozketan parte hartzera dei egin du, "demokrazia indartzeko" eta baita "autogobernua ere".

Iturramako eskola publikoan eman du botoa, "animatuta" dagoela esan du, eta egunaren amaieran diputatu izatea espero duela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Albisteak Alderdi Sozialista Alderdi Popularra UPN Albisteak Nafarroako Alderdi Albisteak Geroa Bai EH Bildu PSE-EE albisteak Euskadiko PP bideoak Euskadiko Ciudadanos Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Podemos berriak Euskadiko Podemos-eko albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak