Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
I27
Rajoyren 'hanka-sartzeak' hautsak harrotu ditu kanpainan
Independentzia aldarrikatuz gero, kataluniarrek Espainiako herritartasuna galduko luketela esan zuen Gobernuko presidenteak. Hautagai gehienek kritikatu egin dituzte adierazpen horiek.
eitb.eus
Aurkariek pasatzen uzten ez duten moduko hanka-sartze horietako bat egin du Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak Kataluniako hauteskunde-kanpainan. Independentzia aldarrikatuz gero, kataluniarrek Espainiako eta Europako herritartasuna galduko luketela adierazi zuen presidenteak Onda Cero irratian. Carlos Alsina irratiko esatariak erantzun, eta indarrean dagoen legediaren arabera ez dela hori gertatuko esan zion. Hutsegiteak sare sozialak piztu ditu, eta txantxa ugari egin dituzte.
Rajoyren zalantzak kritikatu ditu Artur Mas Generalitateko presidenteak. Masen ahotan, independentziaren arriskuez ohartarazten duten abisuak ?gezurrak? direla erakusten dute Gobernuko presidentearen hitzek.
Independentzia aldarrikatuz gero, kataluniarrek Espainiako herritartasuna izaten jarraituko duten galdetu zioten Rajoyri elkarrizketan, eta espainiar herritartasuna galdu egingo luketela erantzun zuen Rajoyk. Mas ironiaz mintzatu da adierazpen horien inguruan.
?Galdera zaila?
?Begira, On Mariano! Galdera zaila, benetan zaila, batez ere Zuzenbidean lizentziadunak direnentzako: Espainiako Estatuan jaiotako herritar batek naziotasuna galtzen du atzerrian bizi denean? ?Eta Europako herritartasuna??, berak. Itzela?, adierazi du Masek.
Generalitateko presidentearen ahotan, Rajoyk ?hanka sartu du?, baina bere adierazpenek agerian utzi dute ?esaten ari diren guztia gezurra dela?.
?Ez du Konstituzioa irakurri?
?Konstituzioak irakurri ez duen batek Espainian lezioak ematera etortzea harritzekoa da?, esan du Ramon Espadaler Unioko presidentegaiak.
?Zur eta lur geratu gara Rajoyren erantzunarekin?, erantsi du Espadalerrek. Gobernu zentrala eta PP ere kritikatu ditu adierazpen horien harian.
?Kezkagarria?
Gobernuko presidenteak ?herritartasuna nola bereganatzen den ez jakitea kezkagarria da?, azpimarratu du Miquel Iceta PSCko zerrendaburuak.
Icetak salatu egin du independentistek ?Espainiak erremediorik ez? duela esatea, ?Espainia ez delako Rajoy?. ?Espainiako herritartasuna nola bereganatzen den ez dakiela aditzera eman du, eta presidentea izanda kezkagarria da?.
"30 urte izan ditu?
Rajoyren hitzak ?etsigarriak? dira, Pedro Sanchez PSOEko buruzagiaren ustez, eta ?herritartasuna nola bereganatzen den ikasteko 30 urte izan ditu?, gaineratu du.
Rajoy Gobernuko presidentea izan baino lehen Barne ministroa izan zela gogorarazi du Sanchezek, eta ?kargu horietara ikasita heldu behar da?, esan du. Horregatik, Rajoyren prestakuntza zalantzan jarri eta presidentearen ?maila politiko eskasaren beste adibide bat? dela adierazi ondoren, Espainiak buruzagi hobea merezi duela erantsi du.
Bestalde, ?eztabaida juridiko hori ez da Kataluniako gizartearen kezka?, nabarmendu du Xavier Garcia Albiol PPko zerrendaburuak. Albiolen ahotan, herritarrei ez zaie inporta Espainiako herritartasuna izaten jarraituko duten ala ez, pentsioekin, lanpostuekin eta aurrezkiekin zer gertatuko den baizik.