Udal eta Foru Hauteskundeak -

PP

Quiroga: 'PPn ez ditugu nahi eskua kutxan sartzen duten politikariak'

Bestalde, gauzei bere izenez deitzeko eskatu die hautagai 'popularrei', ustelkeria auzietan kasu.

Arantza Quiroga Euskadiko 'popularren' presidentea. Argazkia: EiTB
Arantza Quiroga Euskadiko 'popularren' presidentea. Argazkia: EiTB
Ustelkerian nahastuta daudenak politikatik kanpo nahi ditu Quirogak

1:41

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidenteak esan duenez, popularrek ez dituzte nahi eskua kutxan sartzen duten politikari ustelak alderdi barruan eta ezta politikan ere.

Maiatzaren 24ko hauteskundetarako PPren hautagaiak aurkeztu dituzte gaur Gasteizen eta bertan hitz egin dute PPren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusigaiek (Javier de Andres, Javier Ruiz eta Juan Carlos Cano) eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizeko alkategaiek (Luis Eguiluz, Miren Albistur eta Javier Maroto).

Quirogak gauzei bere izenez deitzeko eskatu die hautagaiei, ustelkeria auzietan kasu. Haren esanetan, ezin da "pauso bat atzera eman" eta politikaren ospe-galtzearen kontra borrokatu behar da.

Halaber, bere alderdiaren rola azpimarratu du terrorismoari terrorismoa deitzen diolako, indarkeria gaitzetsi ez dutenei kondenatu egin behar dutela esaten dielako eta biktima bakarrak ETAk hildakoak direla nabarmentzen duelako.

Horren iritziz, independentziari buruz nazionalistek dituzten proiektuek frustrazioa besterik ez dute eragiten; izan ere, "Euskadi gehiago haziko da Espainiaren eta Europaren barruan egonda". Halaber, horren aurrean popularrek duten jarrera nabarmendu du.

Euskararen erabilera ere hizpide izan du eta hizkuntza "politika gisa" erabiltzen dutenak kritikatu ditu. Horren esanetan, euskara kalean eta etxean geroz eta gutxiago erabiltzen dela adierazten dute datuek.

Bestalde, diru sarrerak bermatzeko errentari buruz Gasteizen piztu den eztabaidaren harira esan du laguntza sozialetan gehiegikeriak daudela esatea gauzei bere izenez deitzea dela; "izan ere, zenbakiekin frogatuta gelditu den errealitatea da". "Laguntza sozial horiek laguntzarik gabe dauden eta egoera zailean bizi diren milaka herritarrengana iristea nahi dugu", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Arantza Quiroga berriak Euskadiko PP berriak