Udal eta Foru Hauteskundeak -

Kanpaina

Zer egingo dute alderdiek hauteskunde kanpainan dirua aurrezteko?

Euskal alderdiek kaleko ekitaldi gehiago egingo dituzte, espazio publiko handien alokairuak ordaintzea saihesteko.

EAJren ekitaldi bat. EiTB
EAJren ekitaldi bat. EiTB
EAJren ekitaldi bat. EiTB

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko alderdi politikoek duela lau urte baino aurrekontu txikiagoak izango dituzte maiatzeko hauteskunde kanpainan inbertitzeko, lege berriek baldintzatuta batik bat. Horrenbestez, gastuak diru-laguntza publikoak baino handiagoak ez izaten saiatuko dira.

EFE agentziak bildutako datuen arabera, aurrekontu handiena EAJk eta EH Bilduk izango dute, 1,4 milioina eurokoa, hain zuzen ere. Horien atzean PSE-EE eta PP daude, 600.000 eurokoa izango baitute.

Zenbaki horietatik urrun, Podemosek 65.000 euro inbertituko ditu, eta UPyDk 3.000.

Legearen arabera, gehienez 0,11 euro gastatu daitezke biztanle bakoitzeko, eta 150.301,11 euro lurralde bakoitzeko. EAEren kasuan, muga 690.000 eurokoa izango da udal hauteskundeetako kanpainan, eta beste horrenbestekoa foru hauteskundeenetakoan. Hori dela eta, aurrekontu osoa 1,4 milioi eurokoa izan liteke gehienez, bi kanpainak batuta.

Dena dela, EAJtik adierazi dutenez, muga hori ez dago oso argi, Ogasun Ministerioaren diru-laguntzak kontraesankorrak baitira demokrazia suspertzeko legearekin.

MAM-eko argazkia: aitziber-ibaibarriaga-eit_

MAM-eko argazkia: aitziber-ibaibarriaga-eit_

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduren Bilboko alkategaiaren ekitaldi bat. EiTB

Hauteskundeen emaitzen ostean ematen diren diru-laguntzek ere behera egin dute. Horren ildotik, alderdiek 270,9 euro jasoko dituzte zinegotzi bakoitzeko (lehen 276,86 ziren), eta 0,54 euro boto bakoitzeko. Foru hauteskundeen kasuan, 10.000 euro jasoko dituzte batzarkide bakoitzeko, eta 0,54 euro boz bakoitzeko.

Gainera, Estatuak 0,22 euroko diru-laguntza emango du hautesle bakoitzeko, alderdiek postontziz postontzi banatuko duten propaganda finantzatzeko.

Egun erakundeotan ordezkaritza duten alderdiek laguntza horien % 30 aurreratzea eskatu dezakete, kanpaina finantzatzeko.

Duela lau urte, EAJk 1,5 milioi euro jaso zituen, Bilduk 1,4 milioi eta PSE-EEk eta PPk 600.000.

Idoia Mendia PSE EITB

Idoia Mendia PSE EITB

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia. EiTB

Kale-ekitaldiak nagusi

Dirua aurrezteko xedez, alderdiek saihestu egingo dute espazio publiko handiak alokatzea, eta, horren ordez, kaleko ekitaldi "xume" gehiago egingo dituzte.

Era berean, murriztu egingo dute publizitate panelen erabilera. Legearen arabera, gehienez aurrekontu osoaren % 20 bideratu daiteke zeregin horretarako.

Alderdien arduradunek azaldu dutenez, kanpainako gastu handiena propaganda etxez etxe banatzea izan ohi da. Horregatik, hainbat hautagaik eskuz banatuko dute, dirua aurrezteko.

PP Bilbao

PP Bilbao

PPren ekitaldi bat, Bilbon. EiTB

Honelakoa izango da euskal alderdien kanpaina

EAJtik azaldu dutenez, "kaleko ekitaldiak" egingo dituzte, eta lurralde bakoitzeko "mitin handi bat". Ohikoa denez, kanpainaren itxiera Bilboko Casilla pabilioian egingo dute.

EH Bilduk "kanpaina zorrotza" egingo du, eta, oraingoan, ez du "ekitaldi nazionalik" egingo, hau da, ez du BEC erakustazoka edo Anoetako belodromoa alokatuko. Horren ordez, "herrialde ekitaldiak" egingo ditu; horien artean garrantzitsuena, Iruñeko Anaitasunan.

PSE-EEk 294.000 euroko aurrekontua izango du foru hauteskundeen kanpainarako, duela lau urtekoa baino % 30 txikiagoa. Udal hauteskundeena PSOEk finantzatuko du.

MAM-eko argazkia: podemos-euskadi-eitb_

MAM-eko argazkia: podemos-euskadi-eitb_

Ahal Dugu Euskadiko kideak. EiTB

PPk % 19,5 murriztuko du aurrekontua. Hori dela eta, gastu osoa ez da 700.000 eurokoa baino handiagoa izango. Diru banaketan, alderdiak argi utzi du zeintzuk diren bere lehentasunak: Gasteizko Udalerako kanpainara % 18 gehiago bideratuko du, Bizkaiko Batzar Nagusietarako % 27 gutxiago, eta Donostiako Udalerako % 25 gutxiago.

Ahal Duguren kasuan, 65.000 euroko inbertsioa egingo dute, eta militanteek 100 eta 10.000 euro arteko mikrokredituak emanez lortuko dute finantziazioa. Hauteskundeen ostean diru-laguntzen bidez jasotakoarekin itzuliko dute dirua.

UPyD are zorrotzagoa izango da, 3.000 euroko aurrekontua baino ez baitu. Kalean propaganda banatzeko erabiliko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ UPyD EAE albisteak Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Nafarroa PSE-EE berriak Ciudadanos alderdia